Azaroaren 25eko ekintzak eta Udalak dituen protokoloak jakinarazi dituzte

Azaroaren 25eko ekintzak eta Udalak dituen protokoloak jakinarazi dituzte
2023/11/23 13:49
eta kitto!
Zapatua, azaroaren 25a, Indarkeria Matxisten Kontrako Nazioarteko Eguna da eta zenbait ekintza egingo dituzte herrian. Izan ere, Jon Iraola alkateak gaur goizean prentsaurrekoan adierazi duenez, “Eibarren mota horretako indarkeriarik gertatzen ez dela pentsa dezakegu, baina zoritxarrez gertatzen da”.

Gaitza ikusarazteko bi ekintza nagusi egingo dituzte zapatuan. 11:00etan, Untzagan, Matazak Ehuntzen Indarkeria Sexistaren Aurka egitasmo kolektiboa egingo da Altzoa alargunen elkartearen eskutik. Horrela, matazekin jantziko dituzte herriko zuhaitzak. Bestalde, 13:00etan, elkarretaratzea egingo da Untzagan ‘Ez mendekoak, ez ikusezinak, no a la violencia machista’ lelopean.

 

Zerbitzuak eta protokoloak

Zapatukoa egun garrantzitsua bada ere, indarkeria matxistari urte osoan zehar egin behar zaiola aurre esan du Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak. Horrela, Udalak gaitz horri aurre egiteko hainbat tresna dituela gogoratu du. Adibidez, 12 urtetik azpikoentzat ‘Itsaspeko bihotzak’ proiektua eskaintzen dute urtero liburutegian, 12 urtetik gorakoentzat hezkuntza afektibo-sexualaren inguruko saioak egiten dituzte eskoletan, Andretxean taldeentzako eta banakakoentzako ahalduntze espazioak dituzte, erakusketak egiten dira Andretxean bertan, indarkeria matxista jasan duten emakumeen taldeak daude ahalduntzean laguntzeko, indarkerian espezializatutako zerbitzua dute, eta emakumeak jasotzeko pisuak dituzte, besteak beste.

Protokoloei dagokienez, Udalean barne-protokoloak dituzte indarkeria kasuetan nola erantzun jakiteko, eta erakunde ezberdinek hartzen dute parte bertan: Udalak berak, Udaltzaingoak, Berdintasun Zerbitzuak, Mendaroko ospitaleak, ikastetxeek, eta abar.

Arrizabalagak aurreratu duenez, gainera, jaiguneetan (festetan, tabernetan...) gertatzen diren indarkeria matxisten inguruko lehen protokoloa dihardute prestatzen.