Azken negua Karmelitetako aterpearentzat

Azken negua Karmelitetako aterpearentzat
2023/11/28 10:58
eta kitto!
Azaroaren 15ean ireki zuten Karmelitetan kokatuta dagoen neguko aterpearen ateak eta apirilaren 15era arte egongo dira zabalik, gehiago ez zabaltzeko. Izan ere, Udalak jakinarazi duenez, hiru urtez martxan egon ondoren, aurtengoa izango da zerbitzu hau ematen den azken negua, “herrian ez baitago leku egokirik horretarako”, Udalaren berbetan.

Neguko aterpeak 14 lagunentzako lekua du eta erabiltzaileei ohe bat eskaintzen die, norberaren garbitasunerako zerbitzuaz gain. Gehienak plaza irekiak dira, Eusko Jaurlaritzak alerta meteorologikoak iragartzen dituenerako, baina aterpearen funtzionamendua aldatu egin da aurten, eta erabiltzaile bakoitzak bost egunetan erabili ahal izango du bi hilabeteko epean. Bestalde, lau plaza egonaldi ertainekoak dira, eta gizarteratzeko prozesu sozioedukatibo bat egiten ari diren pertsonei bideratuta daude, beste baliabide mota bat eskuratu ahal izan dezaten.