Azken urteotako bisitari-kopuru altuena izan du Armagintzaren Museoak 2024an
Armagintzaren Museoak bisitari-kopuru nabarmena izan du 2024. urtean, 4.865 pertsona, hain zuzen ere. Jon Iraola Eibarko alkateak positibotzat jo ditu datu horiek: “Gure museoa eibartarrentzako kultura- eta memoria-gune bihurtzen ari da, baita beste autonomia-erkidego batzuetako bisitarientzako eta atzerritarrentzako helmuga ere. Horrek adierazten du egindako lana ari dela bistaratzen”.
Datuen arabera, bisitarien %39 beste erkidego batzuetatik etorritakoak dira, kopuru handiagoa bertako bisitariena baino (%25). Era berean, atzerritar ugarik bisitatu dute museoa (%5); datua museoaren estatuko zein nazioarteko proiekzioaren erakusgarri da.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak, bestalde, askotariko ikusleria erakartzearen garrantzia azpimarratu du: “Funtsezkoa da gure kultura-eskaintza dibertsifikatzea, tokiko herritarren interesari eusteko eta bisitari berrien arreta erakartzeko. Aldi baterako erakusketekin bete-betean asmatu dugu”.
2024an, bi erakusketa nabarmendu dira bereziki. Txirrindulari. Jose Zugasti izeneko erakusketak 1.697 bisita izan zituen. Museoko ertz zorrotzak. Museoko arma zuriak erakusketa ikustera 2.108 pertsona hurbildu ziren (adinekoen artean arrakasta handia izan zuen).
Era berean, Zabalak museoaren zabalkundea hobetu beharra azpimarratu du: “Egia da publizitate-liburuxkaren inpaktua %23 hazi dela, baina sare sozialei oraindik ere ez zaie nahikoa etekin ateratzen ari. Bitarteko berrietara egokitu beharra dugu, publiko gazteago batengana iristeko”.
Jon Iraolaren hitzetan, “urteko balantzea positiboa da, eta Udaletik hazten jarraitu nahi dugu. Horretarako konpromisoa hartzen dugu ekimen berriak sustatzen jarraitzeko, museoak Eibarren eta Euskal Herrian kultura-erreferente izaten jarrai dezan”.
Hazteko lekualdatu
Halaber, Eibarko Udalak lanean dihardu etorkizunean Armagintza Museoa lehengo Corte Ingleseko lokaletara, Egogain kalera, lekualdatzeko. Han egonda, museoa inguruko herrietako kultura-erreferente bihur liteke. Zentzu horretan, Jon Iraola alkateak adierazi du kokapen berriak ahalbidetuko lukeela pieza gehiago erakustea eta zerbitzu hobeak eskaintzea; izan ere, gaur egungo museoa txiki geratu da.