'Azokatik Mahaira' sukaldaritza-tailerra egingo da bihar, tokiko eta garaiko produktuen erabilera sustatzeko
Bihar, azaroaren 22an, 'Azokatik Mahaira' izeneko sukaldaritza-tailerra egingo da Errebalgo Merkatu Plazan, Gipuzkoako Azoken Sareak eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatuta. Saioa 11:00etan hasiko da, ordu eta erdiko iraupena izango du, eta herritar guztiei zuzenduta dago.
Tailerra Anne Otegi sukaldariak —Bergarako Elikaenea proiektuko kidea— eta Aitziber Aizpurua nutrizionistak — Azpeitiko Eliku zentroko arduradunak— gidatuko dute. Bi adituek Errebaleko azokan bertan erositako produktu fresko eta garaikoez egindako errezeta bat prestatuko dute, eta eguneroko sukaldaritzan modu erraz eta osasuntsuan txertatzeko proposamenak eskainiko dituzte. Horrez gain, elikadura orekatuaren garrantziaz eta erabiliko diren osagaien nutrizio-ezaugarriez ere arituko dira.
Saioa bukatzean, tailerrean egindako platera dastatzeko aukera izango da, eta beste udalerri batzuetako errezetak zein elikadura ohitura osasungarriei buruzko hainbat aholku banatuko dira.