Azpilikuetak "Supermendikute 2002-2013" liburua aurkeztuko du datorren astean
2014/01/15
00:00
eta kitto!
Datorren asteko eguenean, urtarrilaren 23an aurkeztuko du Jose Antonio Azpilikuetak Supermendikute 2002-2013 liburua Coliseoan, arratsaldeko 19.00etan. Artista eibartarrak 2002az geroztik Diario Vasco egunkarian astero argitara emandako komiki-tira guztiak batu ditu liburu honetan. Horrez gain, Bernardo Atxagaren hitzaurrea eta Felix Morquecho kazetariak DV-ren izenean idatzi duen atarikoa dauzka liburuak. Azala eta maketazioa Josean Morlesin diseinatzaile eta komikigile gazteak egin ditu eta testuen zuzenketaz Badihardugu euskera elkarteko Aintzane Agirrebeña arduratu da. Eibarko udalak kaleratuko duen lanak 300 orrialde ditu eta bertan 500 bat tira bildu ditu egileak.