Badator Euskal Jaia!
Untzagako karpak hartuko duen gaueko kontzertuan Burutik eta Mugi Panderoak joko dute: lehenengoak 23:00etan hasiko dute saioa eta bigarrenak 00:45etik aurrera jardungo dute.
Azoka T. Etxebarria kalean
Zapatu goizeko tartea Artisau eta Baserritarren Azokak hartuko du, 10:00etatik 14:00ak arte. Hor izango dira Eibart elkarteko hogei bat postu eta, eurekin batera, gure herriko bost baserriko produktuegile. Ez dira faltako, ohikoa denez, herri-kirolak, bertsolariak eta trikitilariak, euskal giro berezia sortzeko. Ezta talopostua ere, Gure Esku Dago ekimenaren eskutik. Bitartean, Astelena frontoian Euskal Jaiko 2. Pala Txapelketako finalak jokatuko dira.
Arratsaldean GOTx elektrotxarangak animatuko ditu kaleak 21:00etan abiatuko den kantu-afariari paso emateko. Horren amaieran Kittu musika taldeak eta Jainaga eta Narbaizak berotuko dute giroa goizaldera arte.
Behin domekara iritsita, eguerdian Urkizutik irtengo duen kalejirak Untzagan izango den Dantza Jaialdiari egingo dio tokia. Hor etxeko Kezka, Ermuko Txindurri eta Portugaleteko Elai Alai dantza-taldeek jardungo dute. Herri-bazkaria izango da ondoren, 14:30ean. Behin arratsaldean sartuta, Inguma taldeak erromeria eskainiko du asteburuari amaiera emateko dantzatuko diren Larrain-dantzaren bi saioen aurretik.