Baionako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean
Marasmia eta Matraka talde feministek 19:00etan jarri dute hitzordua Untzagan.
2026/10/19
10:27
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Marasmia eta Matraka talde feministek elkarretaratzea deitu dute gaur, urriak 19, 19:00etan Untzaga plazan, Baionan bortxaketa salatu zuen emakumearen heriotza salatzeko. 19 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen irailean, Baionan sexu erasoa jasan eta Poliziaren aurrean salatu eta egun gutxira.
Talde feministek zabaldutako mezuan, emakumearen heriotza «erailketa matxista» dela salatu dute, eta justiziak eta sistemak babesik gabe utzi dutela adierazi dute. «Indarkeria matxistak berekin eramaten duen bizitza bakoitza gehiegizkoa da, eta honen aurrean ez gara isilik geratuko», azaldu dute.
Era berean, indarkeria matxistaren aurka kalera ateratzeko deia egin dute, eta herritarrak gaurko elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte.