Bakailaoak protagonista izango dira azaroan

Hainbat txapelketa iragarri dituzte azaroan: XXI. Eskola arteko Bakailao Lehiaketa, 'Bacalaos Alkorta' Pintxoen Lehiaketaren VII. edizioa eta San Andres XXXI. Bakailao Lehiaketa.
Bakailaoak protagonista izango dira azaroan
2025/10/30 11:11
eta kitto!

Bakailaoaren inguruko tradizio gastronomikoa ospatzeko hitzordu bikoitza izango da azaroan Eibarren. 

XXI. Eskola arteko Bakailao Lehiaketa eta VII. "Bacalaos Alkorta" Pintxo Lehiaketa

Alde batetik, azaroaren 15ean, larunbata, Errebal Plazan XXI. Eskola Arteko Bakailao Lehiaketa egingo da 10:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko dute Eibarko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek: Eibar BHI, Aldatze eta La Salle Azitaingo gazteek osatuko dute lehia, ospe handiko sukaldarien epaimahaiaren aurrean.

Izen-emateak eta oinarriak estekan kontsultatu eta bidali daitezke.

Eskola arteko lehiaketa amaitu bezain laster, 12:00etatik aurrera, VII. “Bacalaos Alkorta” Pintxo Lehiaketa egingo da leku berean. Ekitaldia “showcooking” formatuan izango da, publiko orokorrari irekia, eta pintxoak nola prestatzen diren zuzenean ikusteko aukera emango du.

Bi ekitaldi hauek Eibarko Udalak, Bacalaos Alkorta enpresak eta Mireia Alonso Pérez sukaldari eibartarrak antolatu dituzte, eta honako babesleen laguntza dute: Aceites Urzante, Solera Eibarresa, Meka-Hotel, Eibarko Zeramika Eskola, Igartza, Inoxibar, Ederto, Comercial Zabala, SD Eibar eta Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

XXXI. Bakailao Lehiaketa San Andres Saria

Bestalde, azaroaren 23an, San Andres XXXI. Bakailao Lehiaketa egingo da Untzaga Plazan, 11:00etan. Sozietateek, eskualdeko etxeek eta Eibarren bizi diren koadrilek parte hartu ahal izango dute. Izen-emate epea azaroaren 1etik 10era egongo da irekita, eta tramiteak estekan ikusi daitezke.

Lehiaketak hiru sari izango ditu:

  • 1. saria: garaikurra, txapela, 300 euro eta Alkorta Anaiak, Aceites Urzante eta Vinos Solera Eibarresaren produktu sorta.

  • 2. saria: garaikurra, 200 euro eta produktu sorta.

  • 3. saria: 100 euro eta Aceites Urzante eta Vinos Solera Eibarresaren produktu sorta.