Barbara Ruiz Balzola UNRWA Euskadiko ordezkariak “Gaza. Gizatasun krisia” hitzaldia emango du eguaztenean
Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik Ez elkarteek datorren eguaztenerako (hilak 30) hitzaldia antolatu dute, 19:15ean Untzaga gizarte etxean. Hitzaldi-solasaldian “Gaza. Gizatasun krisia” izenburuari jarraituko dio Barbara Ruiz Balzolak (UNRWA Euskadiko ordezkaria). Erakunde honek Gaza eta Zisjordanian gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutzen du. Izan ere, Palestinako errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematen ari diren erakunde garrantzitsuenetakoa baita.
Erakundetik salatu dutenez, “Gazako biztanleria (bi milioi pertsona, gutxi gorabehera) genozidio bat jasaten ari da, eraildakoak 49.000 dira, eta zehaztu gabe dagoen populazioaren ehuneko bat (20.000 inguru) hondakinen azpian desagertuta dago. Eta egoera horri Israelgo armadak derrigortuta egiten ari diren lekualdaketak gehitu behar zaio. Gaza sagu-zulo bilakatu da, biztanleria zibila ezin da Gazako zerrendatik irten, eta NBEren (UNRWA) instalazioak ere ez dira seguruak. 2023ko urriaren 7az geroztik, instalazioen %50 baino gehiago suntsitu eta 224 kide hil dituzte”.