Zapatu eguerdian eskrima historikoaren erakustaldia egingo da Untzagan

Egun berean, 17:00etan, bisita gidatua egingo da Museoan. Sarrera librea eta doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharra dago.
Zapatu eguerdian eskrima historikoaren erakustaldia egingo da Untzagan
2024/09/23 17:55
eta kitto!

Zapatuan, irailaren 28an, 12:00etan, eskrima historikoaren erakustaldia egingo da Untzagan, “Museoko ertz zorrotzak” erakusketaren harira, Armagintzaren Museoak antolatuta. Erakustaldian, Gasteizko CSE (Commilitium Sacrae Ensis) Esgrima Klubeko eta Donostiako Ignota Arma Aretoko kideek beren trebetasuna erakutsiko dute erakusketan egongo diren piezen antzeko arma zuri, sable eta baioneten erreplikekin. Jardueran, arma horien erabileraren erakustaldi zehatza egingo da, Iker Alejo eta Francisco Peña Castresana erakusketako komisarioen eskutik. Gainera, eskrimalariekin batera, eta garaiko jantziekin, ikusai dagoen arma bakoitzaren historia eta erabilera azalduko dute. Bertaratzen direnek hainbat ezpata eta sableren ezaugarriak gertutik ezagutzeko aukera izango dute, eta eskrima historikoaren tekniken bidez egindako borroka baten errekreazio bat ere ikusi ahalko dute.

Euria eginez gero, erakustaldia Errebalgo espazio estalian egingo da.

 “Museoko ertz zorrotzak” erakusketaren bisita gidatua

Egun horretan bertan, 17:00etan, Iker Alejok eta Francisco Peña Castresanak bisita gidatua egingo dute, Armagintzaren Museoan aldi baterako ikusgai dagoen “Museoko ertz zorrotzak” erakusketan zehar. Erakusketan, Museoko 25 arma zuri daude ikusgai (guztira 44 daude biltegian), eta horietako batzuk ez dira 1964. urteaz geroztik aurkeztu. Armen artean, 1914ko jatorrizko bildumako bi pieza nabarmentzen dira: xafla zuzen bat, "Fábrica de Toledo 1859" testuarekin markatua, eta adar-heldulekua duen kilij sable otomandar bat.

Erakusketan Eibarren egindako armak ere ikus daitezke, hala nola Juan José Martínez de Villarreal jeneral karlistaren sablea, 1874an  Eusebio Zuloagaren tailerrean egina, eta balio historiko handiko beste pieza batzuk.

Bi jardueretarako sarrera librea eta doakoa izango da. Museoan egingo den bisita gidatura joateko, baina, izena eman behar da, mezu bat bidaliz museoa@eibar.eus helbidera edo 943 708446 telefonora deituz.