Barixaku honetan jarriko dira salgai Arrateko Bertso Afarirako sarrerak

Urtero moduan, irailaren 7an egingo da saioa Tiro Pitxon jatetxean
Barixaku honetan jarriko dira salgai Arrateko Bertso Afarirako sarrerak
2026/07/08 09:48
Maider Aranberri Sarasua

Barixaku honetan, uztailak 10, jarriko ditu salgai ...eta kitto! Euskara Elkarteak Arrateko Bertso Afarirako sarrerak. Euskara Elkarteko bazkideek lehentasuna izango dute eta eurentzat soilik salduko dira sarrerak ... eta kitto!-n bertan uztailaren 21era arte. Prezioan ere izango dute abantaila, 2€ merkeago erosi ahal izango dituzte-eta, 40€-tan, hain zuzen. Uztailaren 23tik aurrera, berriz, 42€-tan salduko dira ohiko salmenta-puntuetan: Guridin, Kultun eta Tiro Pitxonen.

Arrate bezperako afaria 21:00etan hasiko da, eta afaldu ondoren saio polita eskaintzeko gogoz arituko da aurtengo bertsolari laukotea: Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza eta Aitor Mendiluze, eta gai-jartzaile lanetan Jon Mikel Mujikak jardungo du. 33. edizioa beteko du aurten Arrateko saioak eta bosgarren urtea da Tiro Pitxonen egiten dela, Kantabria jatetxean 27 edizio egin eta gero.