Barixakuan abiatuko da Tripontziak lehiaketa twitterren
Bihar (barixakua, hilak 13) abiatuko da hilaren 29ra arte martxan egongo den Debabarreneko Tripontziak lehiaketa. Debegesak sustatuta, gure eskualdeko Produktu Klubeko kide diren hamabi jatetxeren eta lau pintxo-tabernaren partaidetza dauka: jatetxeak Itziarko Txindurri Iturri, Kanala, Lasturko taberna, Salegi, Errota Berri eta Hostal Itziar; Debako Calbeton eta Urgain; Mutrikuko San Juan eta Jarri Toki; Elgoibarko Belaustegi; eta Eibarko Azitain erretegia dira eta pintxo-tabernak, berriz, Itziarko Salegi, Debako Urgain eta Eibarko Kultu eta Koskor.
Lehiaketan parte hartzeko, bezeroek jatetxe edo taberna horietako batean jandakoari argazkia egin eta Twitterrera igo beharko dute, #tripontziak idatzita. Parte hartzen dutenen artean hainbat sari banatuko dituzte. Gainera, aipatutako taberna eta jatetxeek menu eta pintxo bereziak dastatzeko aukera emango dute lehiaketa martxan dagoen bitartean, prezio berezian (jatetxeetan 25 euroko menuak eta tabernetan pintxo bi eta edari bi 4 eurotan). Informazio gehiagorako www.debabarrenaturismo/eu/gastronomia webgunean begiratu daiteke.
Bestalde, aurreko astean Eibarko Museoan hasitako Esperientzia Gastronomikoen programaren barruan, ekainea beste bi saio eskainiko dituzte: hilaren 19an Mendaroko txokolate fabrikara bisita eta txokolate-tailerra egingo dira eta 20an Elgoibarko Belaustegi jatetxeak Tex mex saioa hartuko du. Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du Debegesara, 943820110 telefonora deituta.