Barixakuan hasiko da opari berezien zozketa ...eta kitto! Euskara Elkarteko bazkideen artean

Barixakuko zozketaren irabazleak Eibar FT eta Alcorconen arteko partidua ikusteko bi sarrera eskuratuko ditu
Barixakuan hasiko da opari berezien zozketa ...eta kitto! Euskara Elkarteko bazkideen artean
2024/04/03 14:38
eta kitto!

Bazkideak dira ...eta kitto! Euskara Elkartearen aktiborik handiena, eta elkarrekin egindako ibilbide luzea ospatu eta eskerrak eman nahi dizkie elkarteak bazkideei haien laguntzagatik. 

Horregatik, datozen asteetan, apirilaren 5etik ekainaren 7ra bitartean, hainbat opari berezi zozketatuko dira, elkarteko bazkideen artean bakarrik. "Sari hauek keinu hutsa baino gehiago dira; gure ondoan gure balioak babestuz eta gure ikuspegia partekatuz egon direnei merezi duten aitortza erakusteko modua da", azaldu dute ...eta kitto!-tik.

Era askotako sei opari daude prest bazkideen artean zozketatzeko, "emandako babesagatik gure esker ona adierazi nahi diegulako". Bazkide guztiak sartuko dira zozketan eta beraiek ez dute ezer berezirik egin behar. Bakoitzari zenbaki bat egokituko zaio eta automatikoki sartuko dira zozketan.

 

Eibar FT taldea ikusteko sarrerak  eta bazkaria Belaustegi jatetxean

Apirilean bi sari izango dira. Lehenengoa barixaku honetan,  apirilaren 5ean, zozketatuko dute eta saridunak Eibar FT eta Alcorconen arteko partidua ikusteko bi sarrera eskuratuko ditu (partidua Ipuruan izango da apirilaren 21ean). Bigarren saria apirilaren 19an zozketatuko da, eta, kasu honetan, Belaustegi jatetxean bi lagunentzako degustazio-bazkaria izango da.

 

Otarra, robot aspiradora  eta bazkaria Txurruka jatetxean

Maiatzean hiru sari potolo egongo dira zozketatzeko. "Alde batetik, maiatzaren 3an, frutaz betetako otarra banatuko da.Bestetik, Maiatzaren 17an, saria etxetresna elektriko bat izango da: robot aspiradora bat eskuratzeko aukera izango dute bazkideek, zehazki, `iRobot Roomba 692´robot aspiradora (Wifi konexioarekin). Eta hilabetea amaitzeko, maiatzaren 31n, Txurruka jatetxean bi lagunentzako bazkari ederra  zozketatuko da", esan dute elkartetik.

Ekainean banatuko da azken saria. Ekainaren 7an Zumaiako Hotel Talasoterapia Zelaian bi lagunentzako opari-bonu bat irabazi ahal izango dute bazkideek. Bertan sartzen dira 90 minutuko zirkuitoa eta denboraldiko menua.

Esan bezala, elkarteko bazkide guztiak sartuko dira zozketan eta, zozketak egin ahala, jakitera emango dira irabazleen izenak.

 

Zarelako Gara gizarteratze kanpaina martxan

Otsailaren 20an Zarelako Gara gizarteratze kanpaina abiatu zuen ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Azaldu zutenez, "herriak elkartea hobeto edo gehiago ezagutzea, zer den, zeintzuk dira bere balioak, zer egiten duen eta zertarako argi izatea lortu nahi dugu kanpaina honekin. Eta, horrekin batera, herritarrak bazkide egitea, gure balioekin, gure jardunarekin eta gure helburuekin bat egiten dutelako. Azken batean, babes soziala da guk lortu nahi duguna. Hori dela eta, gure elkartearekin bat egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu eibartar guztiei, gure herrian euskara eta euskal kultura sustatu eta zaintzearekin konprometitutako elkarte honetan parte har dezazuen"

Bazkide-kuota urtean behin ordaintzen da. 5 eurokoa da 16 urtetik beherakoentzat; 20 eurokoa langabetu, ikasle eta jubilatuentzat; eta 50 eurokoa lanean ari direnentzat. ...eta kitto! Euskara Elkartearekin harremanetan jartzeko 943200918 telefonora deitu dezakezue, elkartea@etakitto.eus helbidera idatzi edo www.etakitto.eus webgunea erabili.