Barixakuan Pintxo Developer topaketa egingo da Anardi tabernan
Barixakuan (hilaren 21ean) 18.30etan hirugarrenez bilduko dira Pintxo Developer taldekoak Errebal kaleko Anardi tabernan eta antolatzaileek bideojoko zaletu guztiak bileran parte hartzera "eta esperientziaz eta elkarlanean aritzeaz gozatzera" animatu nahi dituzte. Pintxo Developer ekimena Donostian jaio zen eta abenduan Eibarren batzen hasi ziren, bideojoko zaletuak elkartzeko asmoz: "Alor horretako zaletuak, marrazkilariak, programatzaileak, profesionalak edo horretan aritzeko gogoa duen jendea edo esperientziak konpartitzeko nahia duten jostalariak elkartu nahi ditugu. Asmoak edo ideiak, hartuemanak, esperientziak, proiektuak eta une goxoak konpartitzea da ekimenaren helburua".
Bilera Gertatu dinamikatik sortutakoa da eta bertan, udalarekin batera, hainbat eragile dihardute elkarlanean (enpresariak, ikasleak, prestakuntza-zentroak, ekintzaileak… ).