Barixakuetako topaketa gozoak Gazte Safa elkartekoekin

Gaur arratsaldean ere postua jarriko dute Untzagan
Barixakuetako topaketa gozoak Gazte Safa elkartekoekin
2025/04/11 11:01
eta kitto!

Hamabost egunean behin, Untzaga plazan postua jartzen du Gazte Safa emakume taldeak. Jaki gozo eta gazi artean, tea lasai-lasai edanez, eurekin berba egiteko aukera ematen dute herriko emakume musulman gazteekin hartu-emana sustatuz. Gaur bertan izango dira, 17:30 inguruan. Aukera ederra herriko aniztasuna nolakoa den ezagutu ahal izateko.

 

Safa Emakume Taldeak urteetan egindako lanaren erreleboa hartu du Gazte Safak eta hainbat ekintza egin dituzte denbora honetan. “Adibidez, pandemiaren aurretik, boluntariotza lanak egiten genituen”, esan digu Romaesa Benslaiman elkarteko kideak. Pandemiarekin, ostera, ekintza hori eten egin zen, baita Udalak antolatzen zituen kultura arteko topaketak ere, eta herriko emakume musulmanek honako gogoeta egin zuten: “Zergatik mugatu herrian dugun presentzia horrelako ekintza puntualetara?”. Hainbat ideia izan zituzten eta “herrian aktiboago egotea” proposatu zuten. “Gainera, guk geuk gauzak antolatzea erabaki genuen, ez egun batean gonbidatu bezala joatea eta kitto”, diosku Benslaimanek. “Izan ere, kultura arteko topaketak egin direnean, kanpoko kulturak bakarrik elkartzen dira, eta gutako gehienak hemen jaio gara eta beste txip bat daukagu, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten ditugu”.

Herriko aniztasunaren erakusle

Gauzak horrela, Untzagan postua jartzea pentsatu zuten. “Aurreiritziak apurtzea, jendeak gu ezagutzea eta eibartarron artean harremana izatea dira helburu nagusiak. Bestela, urtean behin bakarrik irteten bagara, edo ekitaldi puntualetan, zaila da harreman hori sustatzea”, Benslaimanek dioskunez. Horrez gain, talde solidario eta eskuzabala dela ere erakusten dute. “Bertatik ateratzen dugun dirua ekintza ezberdinetara bideratzen dugu: palestinarrei laguntzeko, boluntariotza ekintzeta parte-hartzeko bidea zabalik laga dugu...”. Euren ohiturak eta kultura ezagutzera emateaz gain, emakume musulman etorri berriei hizkuntza eta jendea ezagutzeko aukera ematen diete. “Jendearekin harremana edukitzeko etortzen dira. Berbalagunen moduan, baina beste modu batean”, zehazten digu Benslaimanek. Gainera, emakume horientzat postuan egotea garrantzitsua dela uste du: “Postuan eurak dira protagonista, jendearekin berba egiten dute, gustatzen zaie... Etorri berriek askotan ez dute lagunik, ez dute jendea ezagu- tzen, eta ekimen honen bitartez etxetik ateratzeko eta jendea ezagutzeko aukera eskaintzen zaie”.

Jakiak, tea eta berriketak

Barixakuetan (normalean hamabost egunean behin) udaletxe alboan jartzen duten postua eta musikaz girotzen dute, bertaratu nahi dutenei harrera beroa egiteko. Mahaietan hainbat jaki aurkitu daitezke, batzuk gozoak eta beste batzuk gaziak eta, probatu ondoren, zapore bikaina dutela esan dezakegu. Horrez gain, tea edateko aukera ematen dute eta, lasai egon nahi izanez gero, ondo apainduriko bi eserleku jartzen dituzte bertan esertzeko eta berriketarako gonbitea eginez.

Postuan dauden moduko jakiak edo bestelako janariak egiten ikasi nahi izanez gero, Gazte Safak tailer gastronomikoak eskaintzen ditu. Bertan izena emateko, gaztesafa@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar. Eta eskuak zikindu nahi ezduenak ere badu enkarguak egiteko aukera ere, helbide berera idatzita.