Basalgo parke eolikoari alegazioak aurkezteko epea urriaren 14ra arte luzatu dute
Eusko Jaurlaritzak bost egunez luzatu du Basalgo Parke Eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea. Horrela, Eibarko Udalak urriaren 14ra arte izango du dokumentazioa aztertzeko eta dagozkion alegazioak aurkezteko aukera; hasiera batean, epea urriaren 9an amaitzekoa zen.
Eibarko Udalak abuztuaren 28an jaso zuen Ingurumen Inpaktuaren Azterketaren eranskina, eta dokumentazio berria aztertzeko denbora gehiago eskatu zuen. Udalaren arabera, espedienteak konplexutasun teknikoa du, eta proiektuaren analisi osoa egiteko beharrezkotzat jotzen dituen hainbat dokumentu eskatu ditu, tartean tramitazioan egindako txosten tekniko eta sektorialak eta enpresa sustatzaileak aurreko udal-alegazioei emandako erantzunak.
Dokumentazio berriak proiektuan aldaketak ere jasotzen ditu. Besteak beste, Eibarko udal-mugartean aerosorgailu bat gehiago jartzea aurreikusten da, eta kokapen berriek jabe eta interesdun gehiago eragiten dituzte. Horregatik, Udalak azaldu du beharrezkoa duela proiektuaren alderdi tekniko eta lurraldekoak aztertzeko denbora izatea, alegazioak aurkeztu aurretik.
Jon Iraola alkateak adierazi du luzapenak “dokumentazio guztia sakon aztertzeko eta gure alegazioak halako proiektu batek behar duen zorroztasunarekin prestatzeko” aukera ematen duela. Era berean, gogorarazi du Udalak proiektuaren aurkako jarrera duela eta epea luzatzeak ez duela jarrera hori aldatzen.
Eva Juez Ingurumeneko zinegotziak, bestalde, azaldu du Udalak lehen fasean aurkeztu zituela alegazioak, eta bigarren fase honetan ere proiektuaren aurka dauden argudioak jasoko dituela. Juezen arabera, energia berriztagarriak beharrezkoak diren arren, “kontraesan handia da energia horiek lortzeko gure mendiak aldatu eta kutsatu behar izatea”.
Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, gainera, informazio publikoaren beste izapide bat ireki dezala, herritarrek eta kokapen berriek zuzenean eragindako pertsonek proiektuaren aldaketen berri izan eta beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.
Alegazioak aurkeztu nahi dituztenentzat
Banakako alegazioak aurkeztu nahi dituzten pertsonek prozeduran alderdi interesdunak direla egiaztatu beharko dute. Horretarako, Basalgoko Parke Eolikoaren proiektuak eragindako lursailaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Udalak tramiteak behar besteko aurrerapenarekin egitea gomendatu du, eta ez azken egunera arte itxarotea.