Basalgoko proiektu eolikoaren aurka azaldu dira Eibarko alderdi politikoak

Basalgoko proiektu eolikoaren aurka azaldu dira Eibarko alderdi politikoak
2026/06/04 11:04
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Basalgoko proiektu eolikoaren aurka agertu dira Eibarren ordezkaritza duten lau udal alderdi politikoak: PSE-EE, EH Bildu, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos. Eibarko Mendiak Bizirik plataformak jakinarazi duenez, azken asteotan hainbat bilera formal egin dituzte alderdi horiekin, haien jarrera ezagutzeko, iritziak partekatzeko eta plataformaren lanari zein helburuei buruzko informazioa emateko.

Besteak beste, plataformak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean egindako agerraldian erabilitako materiala partekatu du. Plataformaren arabera, Eibar, Soraluze eta Bergarako mendietan ezarri nahi dituzten sei makroaerosorgailuen proiektuaren aurka azaldu dira lau alderdi politikoak.

Eibarko Mendiak Bizirikek adierazi du alderdien oposizio hori ekainaren 10ean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran islatzea espero duela. Izan ere, bertan Basalgoko proiektua eztabaidatu eta bozkatuko dute.