Basoen Eguna ospatzeko ekitaldiak
Gaur (barixakua, hilak 14) Basoen Nazioarteko Eguna da eta, horren aitzakiarekin, astebururako hainbat ekimen antolatu ditu udalak, Debemen eta Debegesarekin batera. Asmoa, "herritarrak zuhaitz eta basoen garrantziarekin konturatzea eta ingurumena zaintzearen inguruko kontzientzia hartzea" da eta, horretarako, zapatu eta domekan hainbat jarduera egingo dira: bihar goizean, 09.00etatik 14.00etara IV. Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka egingo da Urkizuko parkean, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin. Aurreko urteetako bideari jarraituta, biharko azokan era guztietako landare eta zuhaitzak erosteko aukera egongo da. Azokarekin batera, 11.30etatik aurrera tailerra eskainiko dute, umeek zelan landatu behar den-eta ikasi dezaten. Eta domekan, 11.00etan hasita, Klub Deportibokoek Usartza aldean 40 bat zuhaitz landatuko dituzte, "gure jatorrizko basoa berreskuratzeko asmoz".