Bastian Laffitte izan da nagusi XLVIII Udaberri Sarian

San Miguel mendatean erasoa jo eta bakarrik helmugaratu zen Toribio Etxebarriako helmugan
Bastian Laffitte izan da nagusi XLVIII Udaberri Sarian
2026/03/02 09:49
Ekhi Belar Errasti

XLVIII. Udaberri Saria izan da Eibarko Txirrindulari Elkartearen 2026ko egutegiko lehen proba junior mailan. Hasieratik erritmo bizia eta etengabeko erasoak izan ziren protagonista, eta pelotoitik sortutako ihesaldi batek erabaki zuen azken podiuma.

San Miguel mendatea, helmugatik 11 kilometrora, giltzarri izan zen. Handik bakarrik igaro zen lasterketako garailea izan zen Bastian Laffitte (Team Iparralde), eta aldeari eutsiz iritsi zen Toribio Etxebarriako helmugara. 1:57:09ko denborarekin osatu zuen ibilbidea, 39,95 km/h-ko batez besteko abiadurarekin.

Bigarren postuan Unax Zubillaga (Ampo) sailkatu zen, 1:18ra; eta hirugarren Lier Maguregi (F2 Informatica), 1:42ra. Hiru horiek izan ziren, halaber, San Miguelgo mendiko sailkapeneko lehenak. Taldekako sailkapenean Team Iparralde nagusitu zen, Ampo eta F2 Informatica atzetik utzita alde estuarekin.

Parte-hartze zabala eta zaleen erantzun beroa nabarmendu dituzte antolatzaileek, ibilbideko hainbat puntutan errepide bazterrak ikuslez bete baitziren. Halaber, Eibarko Udala, Gipuzkoako Federazioa, TAES eta gainerako laguntzaileei eskerrak eman zizkieten, haien babesik gabe halako proba bat antolatzea ezinezkoa litzatekeela azpimarratuz.