Batasun politikoa berebizikoa izango da aurrera egiteko, Miguel de los Toyos alkatearen ustez

Batasun politikoa berebizikoa izango da aurrera egiteko, Miguel de los Toyos alkatearen ustez
2020/03/26 11:55
eta kitto!
Miguel de los Toyos alkatea elkarrizketatu zuen atzo Diario Vasco egunkariak eta koronabirusak eragin duen egoeraren inguruan bere iritzia eman du. Etorkizun zaila datorkigula uste du alkateak. “Udalek zerbait egin dezakegu, baina gure gaitasunak eta konpetentziak murritzak dira. Gaineko administrazioek hartu beharko dituzte erabaki indartsuenak eta batasun politikoa egotea berebizikoa izango da, ezin garelako eztabaidan hasi alderdien artean”. Zentzu horretan, Eibarren batasun politikoa egon dela dio. “Bozeramaileen Batzordean modu koordinatuan lan egiten ahalegindu gara momentu oro eta neurriak hartzeko beharra zegoela uste izan dugu guztiok”.

irazabal

Miguel de los Toyosek uste du osasun krisiaren ondoren krisi ekonomikoa iritsiko dela, “dagoeneko iritsi ez bada”. Baina bere iritziz ez da 2008. urtekoa bezalakoa izango. “Orain enpresak ondo zeuden eta amildegi batekin egin dute topo bat-batean. Erorketa bertikala da eta igoera aldapatsua izango dela uste dut. Beraz, igo egin beharko dugu, baina administrazioek egoerak agintzen duen bezala jardun behar dugu”.

Eibarko Udala herritarrei, ostalariei eta enpresei laguntzeko duen konpromezua erakusten duten neurri sinbolikoak hartzen diharduela aipatzen du alkateak elkarrizketan. “Batetik, Eibarko 2 eta 26 urte artekoei 60 euro ematen dizkiegu irailean, baina aurten dirulaguntza 120 eurokoa izatea erabaki dugu. Horrela, familiek baliabide gehiago izango dituzte eta diru hori herriko merkataritzan injektatuko da zuzenean. Eta bestetik, ostalariei ez dizkiegu terrazak kobratuko datorren urtean. Neurri hauek ez dute inoren arazoak konponduko, baina arindu egiten dute eta Udalak laguntzeko duen konpromezua erakusten dute”.