"BB Boying", Gaztea Dantzan lehiaketako finalean
Aurten ere Gaztea Dantzan lehiaketa antolatu dute Gaztea irrati katekoek eta finalisten artean Eibarko taldea bat dago: "Donostiako BB Boying". Epaimahaikoek finalistak aukeratzeko orduan kontuan izan dituzten irizpideei jarraituta, gazte eibartarren bideoan "momentu originalak ageri dira (zebrabidea, hondartzako barandara igota edota txirristako momentuak) eta zailtasun handiko pausuak erakusten dituzte break dance estiloko koreografia honetan". Eibarko neska talde batek ere hartu du parte lehiaketan, "Lady Marmalade" koreografiarekin, baina finalisten zerrendatik kanpora geratu dira.
Orain dela hilabete abiarazi zuten lehiaketak marka guztiak hautsi ditu aurten: 70 koreografiatik gora jaso dituzte eta, epai-mahaiak horien artetik hogei finalista aukeratu eta gero, orain jendearen botoek erabakiko dute Entzulearen Saria zeinek merezi duen. Finalisten artean Euskal Herriko bazter guztietako taldeak daude: Eibarko taldeak aurrez aurre dauzkan lehiakideak Donostia, Arteaga, Zarautz, Lekeitio, Gasteiz, Orio, Zestoa, Hernani, Santurtzi, Bilbo, Atarrabia, Plentzia, Gernika, Pasai Donibane, Azkoitia eta Irungoak dira.
Hogei bideoak interneten ikusgai daude, lehiaketari eskainitako webgunean (http://www.eitb.com/eu/gaztea/dantzan), jendeak horiek ikusi eta bozkatzeko aukera izan dezan. Aste honetan, martitzenean abiatu zuten bozketa-fasea eta nahi duenak azaroaren 12ra arte izango du bozkatzeko aukera, webgunean bertan ematen dituzten pausoei jarraituta.
Botoak, hilaren 12ra arte
Bozkatzeko fasea amaituta boto gehien jaso dituen taldeak eramango ditu Entzulearen Sariari dagozkion 1.000 euroak. Bigarren sailkatuak 500 euro jasoko ditu eta hirugarrenak, berriz, 300 euro. Bestalde, Epaimahaiaren Saria jasotzen duen taldeak 750 euro eramango ditu eta garaile irtetzen den bikote edo bakarlariari 500 euro emango dizkiote.
Bozkaketa fasea hasi besterik ez da egin, baina dagoeneko lehia bizia dago talde finalisten artean eta boto kopuruan aldea nabarmena da: lehen postuan dagoen "Jump" bideoak milatik gora jaso ditu eta eibartarrak sailkapeneko azken postuetan daude. Beraz, gora egitea nahi baduzue sartu interneten eta eman euren aldeko bozka, 1.000 euroko saria jokoan dago eta!