Bederatzi lasterketa izango dira jokoan etzi Arrateko Bolunburu Oroigarrian
Goiz atletikoa izango da domekakoa Arrateko Olabe zelaian, bertan jokatuko baita Bolunburu Oroigarria krosaren 73. edizioa. Betiko lez, ez da lasterketa bakarra izango, baizik eta bederatzi guztira. Lehenengoa goizeko 10:30ean abiatuko da eta azkena, benjaminena, eguerdiko 13:00etan. Hasierakoan 16 urtetik beherakoak eta Masterrak hartuko dute parte, emakumezkoen mailan, 2.800 metroko distantzia osatzeko. Jarraian honakoak jokatuko dira: 10:50ean, 16 urtetik beherakoak eta Masterrak, baina gizonezkoak, eta distantzia berean; 11:05ean, genero bietako 18 eta 20 urtetik beherakoen txanda izango da, 3.800 metrokoan.
Goizeko 11:30an hasiko da lasterketa nagusia, eta 23 urtetik beherakoen parte-hartzearekin, hor ere gizonezko zein emakumezko bertan izango direlarik, 6.800 metro egiteko. Gainera, proba horretan Gipuzkoako txapela ere jokoan izango da.
Ondoren infantil mailakoen txanda izango da: 12:05ean neskak eta 12:20ean mutilak, 2.400 metroko distantzia burutzeko. Parte-hartzaile gazteagoan izango dira jarraian: alebin mailako neskak, 12:35ean hasita, eta mutilak, 12:50ean, bien kasuan 1.600 metro egiteko. Azkenik lehen aipatutako herriko benjaminena jokatuko da, 13:00etan hasita, 600 metroko ibilbidearekin. Goiz aproposa atletismoaz gozatzeko, Deporreko atletismokoen eskutik.