Bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak Aniaiz Ariznabarretarentzat
Ekineko zuzendaritzako kide izatea egotzita, bederatzina urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak auzipetuetako zortzirentzat, Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea eibartarrerantzat eta Rosa Iriarte Laset, Eneko Compains Silva, Jose Aldasoro Jauregi, Egoitz Garmendia Vera, Urko Asier Aierbe Sarasola, Erika Bilbao Barzena eta Sandra Barrenetxea Diezentzat. Ugaitz Elizaran Aguilarrentzat, berriz, 12 urteko zigorra eskatu du. Aniaiz Ariznabarreta 2010eko irailaren 14an atxilotu zuten, gainontzeko guztiekin batera eta, beste auzipetuek bezala, atxiloaldian Guardiak Zibilak torturatu egin zituela salatu zuen. Ia urte biz, 2012ko uztailera arte behin-behineko espetxealdian izan zituzten eta, 2011ko urriaren 1ean Ekinek desegitea erabaki zuela jakitera eman arren, orain egin dituzte auzipetuen kontrako zigor eskaerak: zortziren aurka bederatzina urteko kartzela zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Elizaranen aurka, berriz, hamabi urteko zigorra eta hamabost urteko inhabilitazioa.
Bestalde, akusazio partikular moduan diharduten elkarteek zigor handiagoa eskatu dute: AVTk, hamabina urteko zigorra bakoitzarentzat. Eta Dignidad y Justiciak, berriz, hamaikana urteko espetxea zortzi lagunen aurka, eta hamalaukoa Elizaranen aurka. Oraindik ez dago epaiketarako datarik.