“Begi bistan: lankidetza, bizikidetza eta eraldatzen duten benetako esperientziak” jardunaldi irekia egingo da eguenean
Debegesa garapen agentziak abiatu du Begi Bistan izeneko proiektu berri hori, Kutxa Fundazioarekin, Eibarko Udalarekin eta Azitaingo Lanbide Heziketako Institutuarekin batera, eta sarrera irekita da, gerturatu nahi duten guztientzat.
Programa Jon Iraola Eibarko alkateak egingo duen ongi etorriarekin hasiko da, 10:30ean, eta Kutxa Fundazioko Amalia Virtoren eskutik egingo da jarraian irekiera-ekitaldia. Egitarauaren baitan bi mahai-inguru antolatu dituzte. Lehena 10:45ean hasiko da eta “Inklusiorako tresnak: sarean lan egiten” izenburua dauka. Bertan Marta Sanz (Zabaltzen sartu), Javi Jimenez (Kalexka), eta Asmae Ourdi (Debegesa) arituko dira berbetan. Hori amaitu ondoren, 11:00etan konzientzia eta ahalduntzea landuko dira, film laburren bidez. Horretarako, Azitaingo Lanbide Heziketa Eskolako ikasleek egindako bideoen proiekzioa egingo da, Bright Martins ikus-entzunezkoen zuzendariarekin batera. Eta bigarren mahai-ingurua, “Funtzionatzen duten proiektuak: esperientzia partekatuak sarea ehuntzen jarraitzeko” izenekoa, 11:50ean hasiko da. Amaia Valdivieso (Armeria Eskola), Ainara Labado (...eta kitto! Euskara Elkartea) eta Patxi Gonzalez (Katealegaia) arituko dira bakoitzaren esperientziak partekatzen.