Beharginen eskubideak Maiatzaren 1erako ardatza
Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Eguna da, 1889an II. Internazionalak Parisen hala izatea aldarrikatu zuenetik. Hiru urte lehenago, 1886ko maiatzaren 1ean sindikalista anarkista batzuek grebari ekin zioten Chicagon, zortzi orduko lanaldia eskatzeko, baina hiru egun igarota amaiera beltza izan zuen grebak: 8 behargin epaitu eta bost heriotza-zigor ezarri zizkieten gaur egun behargin gehienok oinarrizkotzat jotzen dugun eskubidearen alde borrokatzeagatik. Hain zuzen ere, eta Chicagoko "martiri" modura ezagutzen diren haiek gogoan, horrelako egunean beharginen aldarrikapenak kalera atera ohi dituzte sindikatuek. Eta une honetan, krisi ekonomiko larria tartean dela, lan munduan gertatu diren guztiak kontuan hartuta, aurten ere kalera irtetzeko deia egin dute sindikatu guztiek, beharginak euren eskubideen alde borrokatzera animatzeko goiburu eta mezuak zabalduta.
Biharko mobilizazioetan ELA-k eskubide sozialen aldeko oihua aterako du kalera eta, horretarako, mobilizazio sozial eta sindikala ezinbestekotzat jotzen ditu: "Maiatzaren Lehena aukera egokia da euskal langileriak zurrunbilo neoliberal eta zentralistari aurre egiteko, daraman borroka saiatu eta militantea aitortzeko".
LAB sindikatukoek diotenez, "Euskal Herrian egoerari buelta eman behar diogu lantokietan, ikastetxetan, herrietan indarrak bilduz, mobilizatuz, gure herri eta eskualdeetako enplegua eta etorkizuna defendatuz. Hemen lan egin, hemen bizi, hemen erabaki. Eskualdeko behargin guztiei dei egiten diegu Maiatzaren 1ean 12.00etan Eibarren egingo dugun manifestazioan parte hartzeko". Ondoren herri-bazkaria egingo dute Untzagan (tiketak LABeko egoitzan salgai).
UGT-k langabeziari aurre egiteko ekonomiaren suspertzea eskatuko du eta, horrekin batera, lanerako eta hitzarmen kolektiborako eskubidea eta babes sozial handiagoa aldarrikatuko ditu. Eta CC.OO.-ek lan arloko eta gizarte eskubideak babestu eta hobetzeko borrokarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du. Manifestazioa Donostian egingo dute, 12.00etan Alderdi Ederretik irtenda (autobusa 10.30etan Ego-Gainetik irtengo da).