Behelainoak ez zuen oztopatu Artesiaga-Lantz Deporreko mendizaleen irteera

Antxon Narbaizak irteeraren deskripzioa egin digu
Behelainoak ez zuen oztopatu Artesiaga-Lantz Deporreko mendizaleen irteera
2024/06/05 10:31
eta kitto!

Aureko zapatuan Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek Artesiaga-Saioa-Xuriain-Lantz ibilbidea egin zuen taldeak aukera polita izan zuten naturak eskaintzen duenarekin gozatzeko. Hona hemen bertan izandako Antxon Narbaizaren irteeraren deskripzioa:

“Goizeko zazpietan Deporreko Mendi Taldeak antolatutako Artesiaga-Lantz mendikada burutzera irten gara Eibartik 36 mendizale. Nafarroako Arestiaga mendatea, 984 metrotan abiapuntu ona bihurtzen da Saioa eta bere mendisoka ezagutzeko. Tamalez, mendiaren kokapena itsasotik hurbil eta bere garaiera, 1418 m, oztopo dira hemen eguraldi garbia lortu ahal izateko. Gaur ere, behelainoak oztopatu digu bertatik zabaltzen den ikuskizun paregabea ikusteko. Itsasaldea, Pirineoak, Nafarroa hezea, beste hainbat eta hainbat lurralde berriro ere izkutaturik geratu zaizkigu "kotoi" zuria bezalaxe zabaldu den laino itsaskorrena dela medio. Eskerrak tenperatu bikaina izan dugula ibiltzeko, eskerrak pagadi itzelak, tantai izugarriak, gerri ederreko enborrak miretsi ditugun! Arin igo gara Saioara, beste horrenbeste Zuriarrainera (1408). Bidea, berriz, ezin berdeagoa eta bigun, opari izan dugu zeharkaldiaren parterik handienean. Bidezidor eta pistek, beti ere zuhaitzen babes goxoan, beherantz eraman gaituzte Txorrostarri errekaren paraleloan Ultzamako Lantz herrira, Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko eta abarren inauterietako pertsonaien herrira, Lantzera. 13 km izan dira, lasai, harmonia atseginean, eta Naturarekin bat, gozatu ditugunak”.