Behetarrak auzo elkartea: “Murrategiko bizilagunak nazkatuta eta erabat abandonatuta gaude”

Behetarrak auzo elkartea: “Murrategiko bizilagunak nazkatuta eta erabat abandonatuta gaude”
2026/05/27 12:50
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Behetarrak auzo elkarteak bigarren prentsa-oharra argitaratu du Murrategi auzoko egoeraren inguruan, eta Eibarko Udalaren jardun eza eta komunikazio falta salatu ditu, auzoko birgaitze prozesua erabat geldirik dagoela azpimarratuz.

Elkarteak gogorarazi du Murrategi Eibarko ekialdean, Azitain inguruan eta Ego ibaiaren beste aldean dagoela, kokaleku natural eta historikoa izan arren, “hirigintzaren aldetik erabat degradatuta” dagoela gaur egun. Haien arabera, Udalak urteak daramatza egoera ezagutzen, baina ez da hobekuntza esanguratsurik gauzatu.

Behetarraken esanetan, hau da gai honen inguruan argitaratzen duten bigarren prentsa-oharra; lehenengoa 2025eko ekainaren 1ean kaleratu zuten, eta ordutik egoerak bere horretan jarraitzen du.

Planak atzerapenekin eta konpromisoak bete gabe

Elkarteak azaldu du Birgaitze Integraleko Plan Berezian (BEPB) jasotako epeak ez direla betetzen ari eta 2023rako aurreikusitako urbanizazio proiektua oraindik ez dela martxan jarri.

Halaber, gogorarazi dute 2025eko abenduaren 1ean Beheko Tokian egindako auzo-bileran alkateak azaldu zuela Udalak Madrilekin kudeatzen ari zela Murrategi auzorako esleitutako 3 milioi euroko partida ekonomikoa, eta arazoa 2025 amaierarako konponduta egongo zela.

Bilera hartan, Behetarrakek Udalarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu zuen, eta auzoaren lehentasunak elkarrekin adosteko proposamena egin zuen. Elkartearen arabera, alkateak deitzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez da halakorik gertatu.

Sei hilabete erantzunik gabe

Behetarraken arabera, azken sei hilabeteetan ez dute Udalaren erantzun ofizialik jaso. Hilero helarazi dizkiete kontsultak Alkatetzari, baina, diotenez, ez dute inolako erantzunik jaso.

Elkarteak salatu du egoera honek “Udalaren jarrera pasibo eta axolagabea” agerian uzten duela, eta horregatik erabaki dutela bigarren prentsa-oharra argitaratzea.

Premiazko bilera eskaria

Azkenik, Behetarrak auzo elkarteak Eibarko Udalari eta alkateari premiazko bilera bat eskatu die, Murrategiko birgaitze prozesua “behingoz martxan jartzeko eta atzerapen gehiago saihesteko” helburuarekin.

Elkartearen esanetan, auzokideak “nazkatuta eta abandonatuta” sentitzen dira, eta Udalaren aldetik “enpatia eta konpromiso handiagoa” eskatu dute.