Behobia-Donostia lasterketako dortsalen zozketarako erregistroa zabalduko dute eguerdian

Edizio honetarako, guztira 17.287 dortsal zozketatuko dituzte antolatzaileek
Behobia-Donostia lasterketako dortsalen zozketarako erregistroa zabalduko dute eguerdian
2026/04/14 11:02
Ekhi Belar Errasti

Gaur eguerdian, apirilak 14 12:00etan, zabalduko dute Behobia-Donostia lasterketaren 61. edizioko dortsalen zozketarako erregistro-fasea. Apirilaren 22an itxiko da, 23:59ean, eta edizio honetarako 17.287 dortsal zozketatuko dira. “Prozesu honen helburua lasterketan parte hartu nahi duten atleta guztiei aukera berdinak eskaintzea da”, antolatzaileen berbetan.

Antolakuntzak gogorarazten du zortzi egun horietan erregistratzeko ordenak ez duela zortean eragiten, erregistro guztiak baldintza berberetan sartuko baitira notario-zozketan.

Gainera, zozketan erregistratzeak itzuliko ez den euro bateko ordainketa dakar. Bildutako diru guztia Behobia-San Sebastian lasterketako proiektu solidarioetara bideratuko da osorik.

 

Korrikalarientzako datu garrantzitsuak:

  • Taldeak: Eskaera bakoitzeko 3 pertsona erregistratu daitezke gehienez, lagunek edo senideek elkarrekin parte hartu ahal izan dezaten. Gogoratu pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezakeela erregistroa.
  • Baieztapena: Ordainketa egin ondoren, erregistratutako pertsona bakoitzak berrespen-mezu bat jasoko du posta elektroniko bidez. Erregistroa zozketan sartu dadin, mezu hori apirilaren 23a baino lehen baieztatu beharko da.
  • Zenbakien esleipena: Apirilaren 24an, erregistroa baieztatu duten pertsonek zozketarako beren zenbaki ofiziala jasoko dute posta elektronikoz.
     

Zozketa eta izen-ematea formalizatzea

Lehen fasearen ondoren geratzen diren 17.287 dortsalen zozketa 2026ko apirilaren 29an egingo da notario aurrean. Zortea dutenek maiatzaren 5etik 11ra bitartean formalizatu ahal izango dute behin betiko izen-ematea. Saridun gertatzen ez direnak itxarote-zerrenda batera pasatuko dira automatikoki; zerrenda hori maiatzaren 12tik aurrera mugituko da, plaza librearen arabera.

 

107 eibartar 2025ean

Iazko edizioan 20.6800 korrikalari inguruk hartu zuten parte, tartean 107 eibartarrek. Herritar askorentzat lasterketa kuttuna da Behobia-Donostia, urteroko derrigorrezko zita, eta ziur aurten ere asko direla Eibartik Behobiara egiten duten atletak.