Belaunaldien arteko moda desfilea egingo dute bihar arratsaldean Untzagan
Belaunaldien arteko moda desfilea egingo dute bihar Untzaga gizarte zentroan, 18:00etatik aurrera. Antolatzaileen berbetan, “lan eta maitasun handiarekin antolatutako ekitaldia” da. Orain dela 20 bat urte hasi ziren urtean behin, azaroaren erdialdera izaten den moda desfilea antolatzen, “adinekoei omenaldi berezia egiteko, baita adineko pertsonek gizartean duten parte-hartzeari balioa emateko ere. Eta ez hori bakarrik, 2021az geroztik belaunaldien arteko izaerarekin antolatzen dugu eta. Horrela, gazteek eta haurrek ere hartzen dute parte, aitxitxa-amamekin batera”. Aurten 22 modelok desfilatuko dute, Eibarko bost denda hauek lagatako arropa eta osagarriekin: Roca, Helmet House, Kopiña, Glow Up eta Beittu. Atsedenaldietan, Nahaste Music Group gitarra eta bateria taldearen musikarekin eta Kike Biguriren bakarrizketarekin gozatu ahalko da. Aurkezlea Juanma Cano izango da. Jendeari arin ibiltzeko gomendatu dute, toki barik ez geratzeko.