Beñat San Jose izango da SD Eibar-en entrenatzaile berria
Zapatuan Castellonen aurka 2-0 galdu ondoren, SD Eibarrek Joseba Etxeberria entrenatzaile kargutik kentzea erabaki zuen atzo arratsaldean. Iaz denboraldi txukuna egin ondoren, elgoibartarrak ez du asmatu aurten taldeari uste zaion maila ematen eta sailkapenaren 17. postuan dago gaur egun, jaitsiera postuak 5 puntura daudelarik. Gauzak horrela, klubaren zuzendaritzak Beñat San Jose fitxatzea erabaki du.
San Josek atzerriko ligetan egin du bere ibilbide osoa Real Sociedad taldearen harrobitik irten ondoren. Arabiako Al-Ittihad eta Al-Ettifaq, Txileko Deportivo Antofagasta eta Unversidad Catolica, Araberiar Emirerri Batuetako Al-Nasr, Belgikako KAS Eupen, Bolviako Bolivar, eta Mexikoko Mazatlan eta Atlas taldeetan egon da, eta hainbat lorpen eskuratu ditu: Bolivarrekin bi liga irabazi zituen eta Universidad Catolicarekin bakarra, eta Al-Ittihadekin Arabiako Kopa.
Entrenatzaile donostiarra Iban Fagoaga jokalari armagin ohiarekin eta Gaston Lloverasekin etorriko da Eibarrera, eta 2026ra arteko kontratua sinatu du. Bihar aurkeztuko dute Ipuruan eta zapatuan Santanderreko Racingen aurka jokatuko duen partidua prestatzen hasiko da.