Bere txosnaren aurkako erasoa salatu du EAJ-PNVk

"Guri baino garestiago irtengo zaizue" pintada agertu zen zapatu gauean EAJ-PNVren txosnan
Bere txosnaren aurkako erasoa salatu du EAJ-PNVk
2024/09/09 09:49
eta kitto!

Zapatu gauean Arraten euren txosna pinturaz erasotu zutela salatu dute EAJ-PNVtik ohar baten bidez. Azaldu dutenez, “Guri baino garestiago irtengo zaizue pintatu dute. Jeltzaleen kontrako erasoa eta sozialisten kontrakoa –bata bestearen aurrean zeuden– ordu berean eman zen".  

Bere idatziaren bitartez EAJ-PNVren Eibarko Uri Buru Batzarrak egileari eta bere inguruari adierazi nahi die "jaiak herri osoarenak eta herri osoarentzako direla, eta beren eraso koldarrek ez dutela EAJ-PNV isilaraziko. Izan ere, EAJk 125 urte daramatza euskal aberriaren alde lanean bide demokratikoetatik eta totalitario guztiei aurre egiten. Herri osoari bere ordezkaritza lapurtu eta haren izenean hitz eginez erasotzen duena faxista hutsa da".

"Domekan alderdikide eta alderdizale jeltzaleak edariak eta janaria zerbitzatzen aritu dira, bukatu arte. Horrek ondo erakusten du Eibarko herriak ekimenari emandako harrera. Bakar batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina ez dute lortuko. Itzuliko gara. Datorren urtean ere txosna jarriko dugu Arraten, batzuek uste arren zelaia beraiena dela. Eta berriro ere egingo dugu elkarteren bati laguntzeko, 2014tik hona egin dugun bezala”, esan dute Batzokiko arduradunek.

EAJ-PNVren txosnaren irabazi guztiak Eibarko Egoaizia GKEarentzako izango dira aurten, garapenerako lankidetzarako. Aurreko edizioetan, osasun arloan diharduten elkarteei lagundu izan diete.

Oharraren amaieran honako mezua helarazi nahi diote EH Bilduri: "Bukatzeko, EAJ-PNVk EH Bilduri hertsatuki eskatzen dio ezbairik gabe kondena ditzala EAJren eta PSEren txosnen kontrako erasoak eta, hala, Sortuko gazteei argi eta garbi esan diezaietela horrelako jokabideak iraganeko kontuak izan behar direla".