Bergaran irabazita, Garikoitz Rodriguez bolariak Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa irabazteko aukerak ditu

Larunbatean jokatuko da azken jardunaldia Azkoitiko Floreaga bolatokian
Bergaran irabazita, Garikoitz Rodriguez bolariak Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa irabazteko aukerak ditu
2026/05/26 13:17
Ekhi Belar Errasti

Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, sailkapena gori-gori dago goiko postuetan. Bergaran jokatutako azken jardunaldian irabazi ondoren, Asola Berri taldeko Garikoitz Rodriguez sailkapen orokorreko 3. postuan dago eta txapela janzteko aukerak izango ditu larunbatean, maiatzak 30, Azkoitiko Floreaga bolatokian.

Emakumezkoen sailkapenean, Asola Berriko Enara Montielek lidergoan jarraitzen du, bigarren sailkatuarekiko alde nabarmenarekin. Bikotekakoan, ostera, Bittor Ugarteburu eta Bittor Astigarraga eibartarrek lehen postua galdu dute, baina egoerari buelta eman diezaiokete asteburuan. Gainera, eurak biak doaz ‘edadekoen’ sailkapenaren lehen bi postuetan, liderra Astigarraga delarik. Eta taldekakoan, Asola Berri 2. postuan da San Joxepe A-ren atzetik, baina ez du oso urrun eta azken jardunaldira arte borrokatuko du.