Bero-bero ospatuko ditugu gaurtik aurrera San Andres jaiak

Eibarko Udalak eta Jaixak Herrixak Herrixandakok hainbat ekitaldi antolatu dituzte
Bero-bero ospatuko ditugu gaurtik aurrera San Andres jaiak
2024/11/29 10:17
eta kitto!

Osagai onenak elkartu dira aurtengo San Andres jaiak ospatzeko. Izan ere, gaur da bezpera eta bihar egun handia, eguraldiaren aldetik giro eguzkitsu eta epela izango dugu, eta hori gutxi balitz, Eibarko Udalak eta Jaixak Herrixak Herrixandakok hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Surik ez da egongo, baina berorik ez da faltako aurtengo Sanandresetan.

 

Azkeneko asteburuetan San Andres jaiekin zerikusia duten ekintzak egin badira ere, gaur iritsiko da benetako festa herrira. Hain zuzen ere, gaur hasiko da Eibarko Udalak Sanandresetarako prestatu duen egitaraua, hau da, San Andres bezperaren gauean. Izan ere, 23:00etatik 02:00etara Muxutruk erromeriak ikuskizuna eskainiko du Untzagan jarri duten karpan.

Musika saioaz gain, Untzagan SexuBizi-Gune Morea jarriko dute gaur eta bihar, 00:00etatik 03:00etara, sexu aholkularitza eta eraso matxisten aurkako babes gunea eskaini asmoz. Horrela, sexualitateari buruzko informazioa jaso nahi baduzu (erotika, plazera, mitoak, orientazioa, nortasuna, infekzioak, gaixotasunak…), kondoiak behar badituzu, aholkularitza profesionala behar baduzu, sexu indarkeriari buruzko informazioa jaso nahi baduzu edota sexu erasorik jasan baduzu, babes gunea aurkituko duzu bertan.

 

Azokaren 45. edizioa

San Andres Egunean, bihar, goizean goizetik emango zaio hasiera egitarauari nekazal azokarekin. Hain zuzen ere, 09:30etik egongo dira postuak zabalik Untzagan eta Txaltxa Zelain jarritako karpetan, arratsaldeko lehen orduetara arte.

Azokaren 45. edizioa izango da aurtengoa eta Altzolako, Aramaioko, Markina-Xemeingo, Soraluzeko eta beste hainbat tokitako 42 ekoizle egongo dira postuetan eztia, barazkiak, fruta, sagardo eta txakolina, ogia, loreak, gazta eta bestelako produktuak saltzen.

Azokaz gain, urtero ohikoa izaten da abereen erakusketa. Fermin Calbeton kalean eta Eibarko Bizikleta Plazan egongo dira behiak, astoak eta bestelakoak.

Goizean zehar ekintza gehiago egongo dira. Hala nola, 11:30ean, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du; 12:00etan, Aizkolarien XX. Txapelketa egingo da Errebal Plazan; 12:00etan ere, bertsolariek eta trikitilariek emanaldia eskainiko dute, kasu honetan Untzagan; 12:30ean, Plazara Dantzara erromeria egongo da Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek lagunduta, Untzagan; eta 13:15ean, San Andres azokaren, eta pintxo eta kartel lehiaketen sari banaketa egingo da.

 

Musika zapatu iluntzerako

Arratsaldean eta gauean musikaren txanda iritsiko da. Hasteko, Jaixak Herrixak Herrixandakok antolatuta, DJ Galtzagorrirekin karropoteoa egongo da 19:30ean hasita. Gero, herriko kaleetan buelta eman ondoren, 21:30ean, Zatekeen taldearekin erromeria egongo da Untzagako karpan eta ondoren, 23:30ean, Ganibet taldeak kontzertua eskainiko du. Gainera, baserritarrez jantzita joatea eskatu diete herrikideei eta, horrez gain, edozein erasoren aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dutela adierazi dute.

Jaixakek antolatutakoaren ondoren, 00:40an, bi DJ eibartar izango ditugu 03:00ak arte: Gorku eta Beato.