Berritasunekin hasi du denboraldia gimnasia erritmikoko Ipurua Klubak

Estatu mailako hiru talde gidatuko dituzte Tania Nagornaya eta Miriam Merinok
Berritasunekin hasi du denboraldia gimnasia erritmikoko Ipurua Klubak
2025/09/30 17:45
eta kitto!

Joan den zapatuan, irailak 27, hasi zen 2025/26 denboraldia gimnasia erritmikoko Ipurua Klubarentzat. Gipuzkoako Txapelketan hartu zuten parte Tania Nagornayak eta Miriam Merinok zuzentzen dituzten jubeniletako, kadeteetako eta infantiletako taldeek, eta emaitza txukunak lortu zituzten: kadeteek zilarra lortu zuten, eta jubenilek eta infantilek hirugarren postua eskuratu zuten.

Domekan, irailak 28, kadeteak eta jubenilak Madrilera joan ziren Club Ritmica Vallecasek antolatutako Carmen Vives txapelketara, eta kadeteek 12. eta jubenilek 19. amaitu zuten. “Azaroaren amaieran Castellonen egingo den oinarrizko taldeen Espainiako Txapelketarako bidea prestatzeko lehen urratsak izan dira”, Ipuruakoen berbetan.

 

Estatu mailako hiru talde

Tania Nagornayak eta Miriam Merinok estatu mailan arituko diren hiru talde prestatuko dituzte aurten. Kadeteei dagokienez, Noa Larrañagak, Maddi Arrazolak, Maddi Lanasek, Nora Eizagirrek, Uxue Astarloak eta Maren Jainagak bigarren denboraldia jokatuko dute estatu mailan, aurten oinarrizko kadete kategorian. “Duela urte bete hasi ziren estatuko lehiaketan,Infantil kategorian, eta 24-25 denboraldian zehar bilakaera bikaina izan dute, maiatzaren 1ean Granadan ospatutako oinarrizko taldeen Kopan sailkapen ona lortzera eraman zituena”, azaldu digute klubetik.

Jubenilei dagokienez, klubak taldea erabat berritu du eta bost taldekideetatik lau gimnasta berriak izango dira oinarrizko jubenilen mailan: Uxue Etxeberria, Yuma Otalvaro, Nikole Aranbarri eta Itziar Alberdi. Beraz, Nidia Olasolo izango da iaztik jarraituko duen gimnasta bakarra.

Oinarrizko infantil taldea, bestalde, Nora Jainaga, Mara Lanas, Helena Olasolo, Maren Arza eta Malen Rodriguezek osatuko dute. “A alebin eskola-kategoriatik datoz, eta aurreko denboraldian Eskolarteko Jokoetarako sailkatzea lortu zuten”, diote klubetik.

 

Amateurren mailak

Ipurua klubeko eskolarentzat eta maila amateurrentzat ere hasi da denboraldia. “160 haur baino gehiago ari dira entrenatzen Eibarren eta 50 inguru Ermuan, otsailean hasiko den eskola denboraldia prestatzen ari den talde tekniko zabal baten aginduetara”, azaldu digute.