Bertsolari gazteek herria bete zuten domekan
2016/04/18
13:53
eta kitto!
Atzo Eibarrera, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatzera zein Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ikustera etorritako eskoletako kideak 10:30ak aldera hasi ziren Untzagan elkartzen. Egunaren harira egindako kamisetak banatu eta jantzi ondoren, talde argazkia egin zuten harmailetan eta, jarraian, Coliseoraino kalejiran joan ziren, Usartza txistulari taldekoek lagunduta. Eskolartekoaren finalak 300 bat entzule bildu zituen eta Mikel Artolak kanporaketatik sailkatutako zortzi bertsolariak aurkeztuta hasi zen: Aizpea Garmendia, Andoni Mujika, Ane Peñagarikano, Beñat Mujika, Gontzal Belategi, Itziar Mendia, Libe Goenaga eta Urko Arregi. Epaileak Ainhoa Mujika, Amaia Otxotorena eta Martin Aramendi izan ziren eta Nerea Urrak, berriz, idazkari jardun zuen eta, saioa amaituta, txapelduna Beñat Mujika izan zen eta txapeldunordea, berriz, Aizpea Garmendia. Biek ekainaren 4ean Ereñozun ospatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean abestuko dute. Saioa entzun eta bazkalostean txoko desberdinetan jolasak eta tailerrak egin ziren.