Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena jokatuko da bihar Coliseoan
2019/10/25
11:32
eta kitto!
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena jokatuko da bihar Eibarren, Coliseo antzokian, 17:00etatik aurrera. Kantuan arituko diren bertsolariak Jon Maia Soria, Gorka Maiz Alustiza, Jokin Uranga Isuskiza, Unai Muñoa Amundarain, Felix Zubia Olaskoaga eta Mikel Tapia Aierbe dira. Aurkezle lanak, berriz, Itziar Etxezarreta Arakistainek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Maite Sukia Olano, Zigor Leunda Eizmendi, Amaia Otxotorena Gamio, Oihana Aranguren Etxaniz eta Mikel Beloki Urkizu. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi eta Ane Errazkin Aranburu arituko dira. Bertsolariek egin beharreko lanak, bestalde, honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta, kartzelako proban, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurretik agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira zapatuan, 16:00etatik aurrera. Txartel arruntak 12 euro balio du (gazteentzat 5 euro eta bazkideentzat 9 euro).