Beste asteburu bikain bat Mek Eskubaloiko taldeentzat
Azken asteburuetan garaipenetara ohitu dira Eibar Eskubaloiko talde biak eta, horrela, oraingoan ere 1. Maila Nazionaleko gizonezkoen taldearen aldeko 32-27ko emaitzari Zilarrezko Ohorezko Mailako emakumezkoen taldearena (20-27) gehitu behar diogu. Azken emaitza horrekin, gainera, Andoni Perezen taldeak mailari eustea ziurtatu du liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan. Azken lau jardunaldietatik hirutan garaile izan dira eibartarrak eta oraingoan ere, bigarren zati bikainari esker, ondo jakin zuten atsedenaldiko 10eko berdinketatik azkenean aipatutako zazpi goleko aldea zabaltzen. Gizonezkoen taldeak, bestalde, Uteboren aurrean lortutako garaipenari esker igoera fasearen lehian jarraitzen dute. Ipuruako partiduaren atsedenaldira aldeko 20-11ko markagailuarekin heldu ziren Fernando Fernandezenak eta, ondoren, emaitzari eusten jakin zuten apurorik gabe. Sailkapenean hirugarren postuari eusten diote.