"Beste mundu bat" aldarrikatuko du LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenean
Gauzak horrela, Maiatzaren Lehenean sindikatuaren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko prest agertu dira, “patronalaren eta instituzioen jarrera salatzearekin batera”. Aldarrikapen nagusiak lau atal hauei lotutakoak dira: zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea; herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzea; trantsizio ekosozialista abiatzea; eta burujabetzan sakondu eta egungo eskumenak baliatzearekin batera, erabaki ahalmena garatzeko tresnak sortzea.
Manifestazioa, herri bazkaria eta musika
Azken urteetan egindakoaren bidetik, aurten ere Eibarren izango dira manifestazio eta ekitaldi politikoa, 12:00etan Untzagatik abiatuta. Eta ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo da udaletxeko arkupeetan (aukera beganoa egongo da) eta, ostean, bazkaloste musikatua, Garazi eta Amaiurrekin.
Bazkarirako tiketak 10 euroko prezioa dute gazte, langabetu eta prekarioentzat, eta 16 eurokoa langileentzat. Erosteko Eibarko, Arrasateko edo Bergarako egoitzetara jo daiteke edo, bestela, LABeko kideren batekin harremanetan jarri. Antolaketa errezteko, tiketak apirilaren 28a baino lehen erosteko eskatu dute.