Bi autobus bete zituzten Pagoetara joandako haurren bosgarren mendi irteeran
Deporrek antolatutako ikasturteko bosgarren haurren mendi irteerak 75 haurren partaidetza izan zuen, hainbat gurasoren laguntzarekin, azkenean bederatzi kilometro eta erdi egiteko. Ikasturteko bosgarren mendi irteera horretan Zarautzeko Urdanetatik abiatuta Aiako Iturraraneraino joan ziren, tartean 717 metroko Pagoetatik pasatuta. Honela kontatu digute egindako ibilaldia:
“Udaberri beteko giro argitsu eta epelarekin abiatu ginen Zarauzko Urdaneta auzotik. Ibilaldian zehar, lehenengo eta behin, Urruztumeko tontorra gainditu genuen. Handik Pagoetako gurutzera abiatu ginen, talde argazkia egin eta jarraian Murugileko tontorrera igotzeko, Pagoetako parke naturaleko puntu garaiena, hain zuzen. Beste behin, aurrez aurreko bista ikaragarriak: Gipuzkoako kostaldeko herriak (Zumaia, Zarautz, Orio, Donostia...) eta barnekaldeko mendiak (Ernio, Aizkorri, Erlo, Anboto...). Aiako plazatxo batean hamabitakoa egin eta aldapan behera jarraitu genuen, Agorregiko burdinola eta errota zoragarria bertatik bertara ezagutzeko. Azkenik, Iturrarango lorategi botanikoan barneratuta, mundu osoko landareak ikusi eta ezagutzeko aukera izan genuen”.
Hurrengo irteera, haurren ikasturteko seigarrena, martxoaren 16an egingo dute: Bergarako Ibilaldi Neurtua, hain zuzen ere.