Bi gizon atxilotu dituzte goizaldean, taberna batean, droga atzeman eta gero

Bi gizon atxilotu dituzte goizaldean, taberna batean, droga atzeman eta gero
2021/03/19 19:33
eta kitto!
 

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu goizaldean Eibarko taberna batean, droga trafikoarengatik. Atxilotuei 125 gramo haxix eta 16 gramo speed atzeman dizkiete. Goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, Ertzaintzako agenteak Eibarko taberna batera joan dira, barruan zaratak entzuten zirelako. Ertzaintzatik azaldu dutenez, atea jo eta gizon batek zabaldu die atea. Azalpenak eskatu dizkiote, “baina ez du arrazoi koherenterik eman. Bigarren pertsona bat ere han zegoen, eta biak edari alkoholdunak edaten ari ziren”.

Sukaldean, ertzainek zazpi tableta txiki haxix aurkitu dituzte, 90 gramo inguru guztira, eta doitasun-baskula bat. Droga norena zen galdetu dutenean, susmagarrietako batek berea zela onartu du, eta atxilotu egin dute.

Establezimendua miatzen ari zirela, agenteek zarata batzuk entzun dituzte sukaldearen atzealdean, eta hirugarren gizon bat aurkitu dute han, ezkutuan. Horri  16 gramo speed atzeman dizkiote, zazpi poltsatxotan banatuta, eta hori ere atxilotu dute. Hori ikusita, miaketa sakonagoa egiteko txakurrekin joan dira eta 35 gramo haxix aurkitu dituzte, garagardo-kanaberaren tiragailuaren azpian ezkutatuta.

Bi atxilotuak, 41 eta 43 urtekoak, epailearen esku utzi dituzte arratsaldeko lehen orduan.