Aste osoko otorduak bi ordutan prestatzeko tailerra egingo dute Errebalen

“Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin” tailerra irailaren 26an izango da Errebaleko Merkatu plazan. Sasoiko eta bertako produktuekin otordu osasungarriak eta errazak prestatzen ikasteko aukera izango da.
Aste osoko otorduak bi ordutan prestatzeko tailerra egingo dute Errebalen
2026/09/22 11:38
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Horixe da “Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin” tailerraren proposamena. Gipuzkoako Azoken Sareko lantaldeak eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatu dute, eta irailaren 26an, zapatuan, egingo da Errebaleko Merkatu plazan, 11:00etatik aurrera.

Tailerraren helburua herritarrak azokara hurbiltzea eta sasoiko eta gertuko elikagaiekin eguneroko otorduak modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzea da. Horretarako, sukaldean denbora optimizatzen eta dieta orekatua prestatzen ikasiko dute parte-hartzaileek, bertako eta garaiko produktuak erabilita.

Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute saioa. Sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegiak uztartuta, egunerokoan aplikatzeko moduko aholkuak eta errezetak emango dituzte. Gainera, saioan prestatutako platera dastatzeko aukera izango da.

Tailerrera joateko ez da aurrez izena eman beharko; bertaratzea nahikoa izango da. Parte-hartzaileek, halaber, saioan prestatutako errezetak eta nutrizio aholkuak jasoko dituzte.

Ekimenaren bidez, tokiko ekoizleen lana eta inguruko produktuak ezagutarazi nahi dituzte, baita kontsumo arduratsua eta elikadura-ohitura osasungarriak sustatu ere. Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, antolatu du tailerra, Gipuzkoako Azoken Sarearen parte den Eibarko Udalarekin elkarlanean.