Bi partida garrantzitsu jokatuko ditu Eibar Eskubaloiak asteburuan Ipuruan

Emakumezkoen eta gizonezkoen senior taldeek hitzordu garrantzitsuak izango dituzte asteburu honetan Ipuruako kiroldegian
Bi partida garrantzitsu jokatuko ditu Eibar Eskubaloiak asteburuan Ipuruan
2026/03/05 13:53
Ekhi Belar Errasti

Asteburu honetan ostiraletik egongo dira eskubaloi partiduak kiroldegian. Lehia biziak izango dira gainera, Eibar Eskubaloia taldeko seniorrek bi neurketa garrantzitsu jokatuko baitituzte etxean.

Emakumezko seniorrak (Zilarrezko Maila) bihar, martxoaren 6an, 20:30ean ariko dira Kukullaga Etxebarri Eskubaloia taldearen aurka. Eibartarrek etxean jokatuko dute berriro, aurreko astean garaipena berreskuratu ondoren. Hala ere, taldea zalantzazko egoeran dauden jokalari batzuekin iritsiko da partidara, eta beharrezkoa balitz, jubenilek hartuko dute euren lekua deialdian; izan ere, denboraldi osoan zehar maila onean aritu dira senior taldearekin entrenatzen.

Aurrez aurre izango duten aurkaria beti izaten da zaila, eta inoiz ez du partidarik galdutzat ematen. Lehen itzulian, gainera, asko kostatu zitzaien eibartarrei bere kantxatik bi puntuak ekartzea. Horregatik, hasieratik kontzentratuta ateratzea funtsezkoa izango da partidaren erritmoa markatzeko. Taldearen helburua argia da: zaleen babesarekin beste bi puntu garrantzitsu eskuratzea.

Bestalde, gizonezko seniorrek (Lehen Nazionala) larunbatean, martxoaren 7an, 19:15ean jokatuko dute Balonmano Tarazona taldearen aurka. Aragoiko taldea bosgarren postuan dago sailkapenean eta sei puntura dauka Eibar Eskubaloia.

Tarazona sasoi onean iritsiko da neurketara, azken asteetan hiru garaipen jarraian lortu ondoren. Denboraldi osoan zehar erregular aritu da eta igoera fasea ematen duten postuetatik gertu mantendu da. Gainera, joko azkarra eta kanpoko jaurtiketetan duen indarra dira bere ezaugarri nagusiak, eta horrek defentsa sendoa egitera behartuko ditu eibartarrak.

Etxekoentzat, helburua garbia da: bi puntuak lortzea eta Romo Eskubaloiari presioa egiten jarraitzea sailkapeneko bigarren postuaren lehian. Ipuruako zaleen babesa, beste behin ere, garrantzitsua izango da helburu hori lortzeko.