[BIDEOA] Roberto Perez Jauregiren omenezko ekitaldi instituzionala

[BIDEOA] Roberto Perez Jauregiren omenezko ekitaldi instituzionala
2021/12/14 12:17
eta kitto!
Aurreko asteko eguenean egin zen udaletxeko Udalbatza aretoan 1970eko abenduaren 8an polizia batek tiroz hil zuen Roberto Perez Jauregi gogoratzeko ekitaldia, Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak antolatuta. Jorge Perez Jauregi anaiak bertan esan zituen berbak bereziki hunkigarriak izan ziren eta, amaieran, jendearen txalo zaparrada jaso zuen. Jarraian irakur dezakezue osorik berak esandakoa.

Jorge Perez Jauregiren hitzak anaiari egindako omenaldi instituzionalean


Arratsalde on.


Eskerrak ematen dizkiet Gogora Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutuari eta Eibarko Udalari, Roberto Pérez Jauregi nire anaiari omenaldi hau antolatzeagatik. Orain dela 51 urte hil zuten, Burgosko Prozesuaren aurkako manifestazio baketsu batean parte hartzeagatik.


Erregimen frankistak ETAko 16 euskal militante epaitzen zituen eta horietako batzuentzat heriotza-zigorrak eskatzen zituen. Hiru, Mario Onaindia, Enrike Gesalaga eta Jon Etxabe, Eibarkoak ziren.


Familian beti izan dugu argi tiro egin zuena zibilez jantzitako polizia zela, eta oso gertutik bota zuela. Edozein manifestari izan zitekeen. Ez zuten hil PCE (i) Espainiako Alderdi Komunistako kide zelako, eta ez zen ETAko militantea, duela urtebete Udaleko osoko bilkura batean alderdi sozialistako bozeramaileak esan zuen bezala.


Nire anaia ni baino ia zazpi urte nagusiagoa zen. Hil zutenean 22 urte zituen betetzear. Beti esan didate gazte serioa, arduratsua, argia, kirolaria eta erregimen frankistaren aurkako eta langileen eskubideen aldeko borroketan oso konprometitua zela.


Baina niretzat, nire anaia nagusia eta bakarra zen. Etxeko korridorean nirekin futbolean jokatzen zuena, denetik babesten ninduena, eta sartzen nintzen istilu guztietatik ateratzen ninduena.


Abenduaren 9an, anaia lurperatzeaz gain, familia ere lurperatu genuen. Egun horretatik aurrera, nire gurasoak, Casimiro eta Alicia, eta ni, ez ginen inoiz izango izan ginena. Eskerrak bizilagunei eta Eibarko gizarte zibilaren zati handi bati, babestu gintuztelako eta aurrera egiten lagundu zigutelako. Urteak igaro ziren erregimen frankistaren aurka egun bat eta beste bat borrokan, nire gurasoak lehen lerroan beti. Franco hilda, herria pozik. Hauteskundeak lortu ziren, 1977ko ekainean, alderdi politiko guztiak legeztatu ziren, UCDk irabazi zuen, Suarez aukeratu zuten Madrilgo Gobernuko presidente. Erregimen frankista eraldatu egin zen, legitimatu. Ez zen ezer aldatu armadan, polizian eta ezta justizian ere. Ordena Publikoko Auzitegiaren (TOP) izena gaur egun ezagutzen dugunarengatik, Auzitegi Nazionalarengatik aldatu zen. Erakunde publikoek, alderdi politikoek, ez zuten ezer egin kalean askatasunaren alde bizitza utzi zuten biktimei justizia egiteko. Trantsizio eredugarriak hori guztia estali, isilean gorde zuen eta, ondoren, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa emango zuten legeak sustatzeko ausardiarik izango zuen gobernurik ez da egon.


1977ko urriaren 15ean Amnistiaren Legea onartu zuten eta preso politiko guztiak kartzeletatik atera ziren. Ez genuen uste lege horrekin, etorkizunean, jendea erail, torturatu zuten poliziak ezin izango zirenik epaitu. Ikusi genuena da gobernu ezberdinek, PSOEk eta PPk, torturengatik zigortutako poliziei indultua ematen zietela eta, gainera, kondekoratu egiten zituztela. 2007. urtean Zapatero presidenteak Memoria Historikoaren Legea onartu zuen arte. Lege hori, nire  ustez, positiboa izan zen, baina aitorpen eta erreparazio ekonomikoa baino ez zituen kontuan hartzen, eta justizia eskatzeko bidea itxi zuen.
2008ko abenduaren 21ean Eibarko Udalak ekitaldi bat antolatu zuen Eibarren hil zituzten edo Eibarkoak ziren terrorismoaren biktimak oroitzeko eta aitortzeko, baina nire anaiari ez zioten aitortzarik egin, eta ez ziren ezta familiarekin harremanetan jarri. Suminduraz eta minez beteriko egunak izan ziren, horren gertukoa den gure Udala bezalako norbaitek, gehiengo sozialistarekin, baztertu egin gintuelako, terrorismoaren biktima gisa aitortuta ez zegoela argudiatuz. Roberto ez da soilik terrorismoaren biktima, askoz ere larriagoa den estatu-terrorismoaren biktima da; izan ere, polizia batek manifestazio baketsu batean tiro egin eta hil egiten badu, zigorrik jaso barik, ikerketa bat eta zigor bat egon beharko lukete, eta ez zen ezer egon.


Memoria Historikoaren Legearekin nire anaiari aitorpena egiteko, erail zutela zioten agiriak behar genituen. Gipuzkoako Justizia Epaitegietara joan ginen, atestaturen bat zegoen galdetzera, eta ezer ez zegoela esan ziguten. Donostiako ospitalera joan ginen, anaiak 4 egun eman baitzituen bertan ospitaleratuta, hil zen arte, eta ezer ez zegoela erantzun ziguten. Erakunde publikoek gertakariak ezabatzea, desagertaraztea, daukagun demokrazia pobrea dela iruditzen zait. Eskerrak nire anaia hil zuteneko egunkari zatiak gordeta genituen, eta horiek bidali genituen.
40 urte pasatu behar izan ziren poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortu zezaten. Manifestazio baketsu batean parte hartu zuela eta eskubide demokratikoa zela onartzeko. Nire ama Aliciarentzat oso berandu ailegatu zen, baina aitari pozgarria iruditu zitzaion.
Nire anaiaren irudiari egindako aintzatespen publikoak beti etorri dira herritarren eskutik, haiengandik jaso dugu beti maitasun eta elkartasun guztia.
40. urteurrenean, eibartar talde batek, anitza bere osaeran, Ahaztuak 1936-1977 elkartearekin batera, omenaldi publiko bat antolatu zion Robertori, Untzagan egindako ekitaldi batean. Omenaldi hori Karmeldarren plazan, tiro egin zioten tokitik gertu itxi zen, Roberto oroitzeko plaka bat ipinita, eta nire aita Casimirok parte hartzeko aukera izan zuen.
Honetan ere Udalak ez zuen ordezkaritzarik izan erakunde gisa. Garai hartan jakin genuen tiroaren ustezko egilea José Ramón Sanchez Pizarro zela, eta Valladoliden mailaz igo eta komisario izendatu zutela.


Eusko Jaurlaritzak 2012an aitortu zuen nire anaia poliziaren gehiegikeriaren biktima gisa.
Terrorismoaren biktima terminoa ez zait gustatzen, erabiltzen den guztietan ETAren terrorismoaz hitz egiteko erabiltzen delako. Nire ustez, nire anaia estatu-terrorismoaren biktima da. Sufrimendua berbera da. Nolanahi ere, giza eskubideen urraketen biktimak gara, eta hori da nire burua ondoen identifikatzen duen terminoa. Lehen, bigarren edo hirugarren mailako biktimarik egon ez dadin.
Duela urtebete, ni parte naizen Eibarko Memoria Taldeak, Udaleko talde guztiei eskatu zien Karmeldarren ondoko plazan monolito bat jartzeko eta Eibarren izan diren biktima guztien Oroimenaren Plaza deitzeko. Udalak 2008an aitortu zituenen eta aitortu bariko beste hiruren oroimenez.
Alberto Soliño 1976an hil zuten, Jai-Alai diskotekaren atarian. Eusko Jaurlaritzak polizia-abusuen biktima gisa aitortu zuen. Jesus Mari Zubikarai, bahitu eta 9 tiro egin zizkioten, Aginaga auzoaren eta Ixuaren artean laga zuten. Eta nire anaia Roberto. Hiru biktima horiek ez daude aitortuta Udalak jarri zuen plakan.
Udalari eskatzen diot gehiengoz eta kontrako botorik gabe onartutako erabakia gauzatzeko. Izan ere, giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak ordezkatuta dauden espazioak eta lekuak aurkitu behar ditugu.
Gogoratu nahi dut, baita ere, duela gutxi bete direla 41 urte GAL-ek Caracasen Jokin eta Espe hil zituela. Nire babes osoa 1978tik aurrerako biktima guztiak aitor daitezen. Espero dut epe laburrean Amnistiaren Legea eta Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta hilketa, tortura eta abarretan erantzukizuna izan zutenak auzitegietara eramatea.
Uste dudalako, berriro gerta ez dadin, zer gertatu zen jakitea dela modurik onena.
Eskerrik asko.