Bidezko merkataritzaren munduko eguna dela eta, bihar goizean azoka egingo dute Untzagan
Egoaizia, Aldatzen eta Proyde-Proega GGKEek elkarlanean antolatuta, bihar Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunaren Azoka hartuko du Untzaga plazak, goizez, 10:00etatik 14:30era bitartean. Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna: Giza eskubideetan, duintasunean eta ingurumenaren babesean arreta jarriz, genero-ikuspegitik goiburuarekin, azokak bidezko merkataritzaren garrantzia eta emakumeek arlo horretan duten parte-hartzea nabarmentzea nahi du. Horretarako, azokaren inguruan hainbat jarduera osagarri egingo dira. Besteak beste, 11:00etatik aurrera bi tailer eskainiko dituzte, haurrak bidezko merkataritzara gerturatzeko asmoz. Batetik, OsoaCooking-eko Anne Otegik hainbat errezeta prestatuko ditu, bidezko merkataritzako produktuak erabilita, eta animatzen diren haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute. Eta beste tailerra Zorionak Ludotekaren eskutik egingo da: umeek puzzle baten piezak margotuko dituzte eta, hori egiten duten bitartean, bidezko merkataritzaren garrantziaz eta emakumeek esparru horretan betetzen duten funtsezko eginkizunaz ikasten joango dira. Amaieran pieza guztiekin murala osatuko dute.
Aipatutako guztiarekin batera, argazki erakusketa bat, bidezko merkataritzaren kausaren berri emateko Eibar Eraldatuz postua, produktuen dastaketa, bidezko merkataritzako otarren zozketa eta beste jarduera batzuk egingo dira azokaren inguruan.
Antolatzaileen berbetan, “ez da ekitaldi bat bakarrik, baizik eta mundu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde hausnartzeko eta jarduteko aukera bat da. Azoka honek, gure komunitateari bidezko merkataritzari laguntzeko eta emakumeek mugimendu horretan duten funtsezko papera aitortzeko inspirazioa ematea espero dugu. Guztiak gonbidatuta zaudete bidezko merkataritzaren ospakizun honetara”.