Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu dituzte zapatu goizerako

Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu dituzte zapatu goizerako
2023/05/11 11:47
eta kitto!
Maiatzeko bigarren domekan Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna izaten dela eta, Proyde-Proega eta Egoaizia erakundeek, beste batzuekin elkarlanean (Aldatzen Elkartea, La Salle Isasi eta Azitain, Aldatze ikastetxea…) zapatu honetan (maiatzaren 13an) ospatuko dute, Untzagan, 10:00etatik 14:30era. Horretarako hainbat jarduera prestatu dituzte, “Bidezko Merkataritza sustatzeko helburuarekin, ekonomia justu eta jasangarri baterantz bideratutako merkaturatze-eredu alternatiboa aldarrikatuz. Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ekintza da eta gazte nahiz helduei bideratutako ekintzak egongo dira”.

Azaldu dutenez, aurten sukaldaritzarekin lotu da Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna, eta hainbat ekintza egongo dira gai hau jorratzeko: “Ludoteka Zorionak-ek antolatutako haurrentzako tailerra 11:00etan hasiko da, mantalak apainduko dituzte, etxean sukaldaritzan laguntzeko eta Bidezko Merkataritzako produktuekin errezetak egiteko. Izena emateko: https://forms.gle/xgQruk6KjpxLVazA9. Bestalde, Farmacook-eko Zaloak ere Bidezko Merkataritzako osagaiekin egindako errezetak elkarbanatuko ditu guztiekin, eta dastatzeko aukera ere egongo da! Horrez gain, hiru otarren zozketa, herritarrei kontsulta, eta hori gutxi balitz… Bidezko Merkataritzako produktuak erosteko postua ere egongo da. Hurbildu zaitezte egunaz gozatzera!”.