Bihar 11:00etan hartuko du Astelenak domekako finalerdirako pilota aukeraketa
Eibarko Katedrala bosgarren aldiz beteko da denboraldi honetan domekarako antolatutako jaialdian. Aurretik ere Gabon sasoian antolatutako hiru jaialdietan eta ondorengo urtarrilaren 21ekoan ere sarrera guztiak agortu ziren, eta mila lagunetik gora izan ziren pilota partiduak jarraitzen. Bihar goizeko 11:00etan egingo da jaialdiko partidu nagusia jokatuko duten pilotarien arteko pilota aukeraketa saioa.
Bertako partidu nagusiak pilotazaleen interes guztia hartu du bere gain, jokoan izango delako binakako txapelketa nagusiaren bigarren finalistaren izena erabakitzea. Baiko enpresako Artola-Imaz eta Aspeko Altuna-Martija bikoteen artekoak erabakiko du zeinek jokatuko duen handik hamabostera Navarra Arenan izango den finala. Aspe enpresako Peio Etxeberria eta Zabaleta dira beste finalistak.
Jaialdiko lehenengoko partidua ere ez da nolanahikoa izango, bi enpresen arteko beste lehia batekin: Aspeko Elordi-Tolosa eta Baikoko Urrutikoetxea-Aranguren izango dira, nor baino nor. Eta Exposito-Erostarbe eta Senar-Lizeaga bikoteen artekoak itxiko du jaialdia.