Bihar amaituko da Itzulia eta etzi Challengea jokatuko da ibilbide berarekin
Bihar, zapatua, Eibarren hasi eta amaituko den etaparekin amaituko bada ere edizio honetako profesionalen jarduna, etzi, domekan, zaletuek aukera izango dute ibilbide bera egiteko. Bihar sinadura-kontrola 12:16an hasiko da Untzagan eta 13:31ean amaituko da, irteera neutralizatuari ekin baino ordu laurden lehenago. Lasterketa 15:40 aldera itzuliko da Eibarrera, Azitaindik sartu eta Arrateko Krabelin gaina bilatzeko. 16:40 bueltan berriro helduko dira Eibarrera, orduan Ixuako gainaren bila. Eta, amaitzeko, 17:30 inguruan Toribio Etxebarria kalean kokatuta egongo den helmuga izango dute zain.
Domekako Challengearen parte-hartzaileek, bestalde, World Tour proba baten antzeko esperientzia bizi ahal izango dute berriro. Bi ibilbide egongo dira, eta lehenengoa profesionalek Itzuliko etapa nagusian egingo duten berbera izango da. Ibilbide horren luzera 137,8 kilometrokoa izango da, eta 3.600 metrotik gorako aldea edukiko du. 7 mendate puntuagarrik probapean jarriko dituzte zikloturistak oso gogorra den ibilbide honetan. Bigarrena, iraupen erdikoa, ordea, 80,6 kilometrokoa izango da, 2.100 metroko aldea edukiko du eta 4 mendate igo beharko dira. Haietako bi, gainera, lehen mailakoak izango dira; bat, bigarren mailakoa; eta bestea, hirugarren mailakoa.