Bihar arratsaldean Eibarko Duatloiaren 30. edizioa jokatuko da

Guztira 25 kilometro eta erdiko ibilbideari egin beharko diote aurre bertan parte hartuko dutenek
Bihar arratsaldean Eibarko Duatloiaren 30. edizioa jokatuko da
2024/03/01 10:17
eta kitto!

Proba arratsaldeko 16:45ean hasiko da eta, antolatzaileek diotenez, 124 atletek eman dute izena, tartean 14 emakumezko. Parte-hartzaileak hainbat mailatan egongo dira banatuta, tartean kadete, junior, sub-23 eta beteranoetako hiru, 40 urtetik gorakoak, eta taldekakoa ere. Dena dela, “parte-hartzaile guztiek jasoko dute oparia”, Eibar Triatloikoek diotenez. Aholkurik ere eman digute proba jarraitzea nahi dutenentzat: “Karrera ondo ikusteko leku aproposena Untzaga bera da. Bizikletako sektorea ikusteko, bestalde, bariantera igotzea da onena, Itzio parean adibidez”.

Gure herriko JAZ Eibar Triatloi Taldekoek antolatutako proba Euskal Duatloi Zirkuitoaren barruan dago, eta guztira 25 kilometro eta erdiko ibilbideari egin beharko diote aurre bertan parte hartuko dutenek; hori bai, horietako 18 bizikleta gainean osatuko dituzte. Hasierako bost kilometroak antxintxiketan egingo dituzte, prestatutako zirkuitoari lau itzuli emanez (Calbeton, Urkizu, San Andres ikastetxea, Untzaga, Euki); jarraian bizikleta hartu eta 18 kilometro osatuko dituzte (Untzaga, bariantea, San Andres paseoa, N-634, Matsaria poligonoa); eta, amaitzeko, lehen zatiaren erdia egingo dute, hau da, zirkuitoari bi tzuli emanez, antxintxikan.