Bihar aurkeztuko du Gure Esku Dagok ekainaren 10ean osatuko den giza katea

Bihar aurkeztuko du Gure Esku Dagok ekainaren 10ean osatuko den giza katea
2018/03/19 17:21
eta kitto!
Hiru hilabete barru, ekainaren 10ean  giza kate batean batu nahi ditu Gure Esku Dagok 100.000 lagun baino gehiago, eskuz esku, arrazoiez betetako zapiekin. Donostian hasi, Bilbotik pasa eta Gasteizko legebiltzarraren atarian amaituko da mobilizazioa, 201,9 kilometro egin eta gero. Ekitaldiaren inguruko azalpenak emateko asmoz, beste herri batzuetan bezala Eibarren ere aurkezpena egingo dute bihar (martitzena), 19:00etan Portalean.

Ekainaren 10a Herritarron Itunean jasota dauden erabakitzeko arrazoiak plazaratzeko eguna izango da. Hala azaldu zuten Gure Esku Dago dinamikako ordezkariek ekimenaren berri emateko orain dela egun batzuk Donostiako Eureka Zientzia Museoak hartu zuen ekitaldian. Aurtengo plangintzari heldu eta, aurreratu zutenez, ekainera bitartean aurretik dauzkagun hilabeteotan erabakitzeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri: “Ekainaren 10ean, milaka lagun, arrazoiz betetako zapiak tarteko, elkartuko dituen giza katean plazaratuko dituzte aurreko hilabeteetan jasotako arrazoiak. Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu”.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute. Hori dela eta, ekitaldirako izen-ematea martxan ipini dute interneten, gureeskudago.eus atarian eta, horrekin batera, herrietako taldeen eskutik izena emateko bideak zabaltzen hasita daude. Eibarren bihar, aurkezpena egitearekin batera zabalduko dute izen-ematea.

Giza kateak kilometro asko izango dituen arren, ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko, baina Eibar ibilbidearen barruan izango dela eta, eibartarrei zein inguruko herrietan bizi direnei ekitaldian parte hartzeko dei berezia egin nahi diete. Barrena kalean hasiko da giza katearen 71. kilometroa eta herri-barruko ibilbidea Ermuraino, Errotabarri tren geltokiaren pareraino joango da.

https://youtu.be/WLWF6qEKqYQ