Bihar Bilboko kaleak betetzeko deia egin dio Sarek euskal gizarteari

Presoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala 17:00etan irtengo da La Casillatik.
Bihar Bilboko kaleak betetzeko deia egin dio Sarek euskal gizarteari
2025/01/10 14:59
eta kitto!

Urteko azken egunean Untzagan egindako ekitaldiarekin agurtu zuen urtea Eibarko Sarek, eta gaur arte Topalekuan ikus daitekeen presoen pegatina erakusketa antolatu du, hori guztia bihar Bilbon egingo den manifestazioaren atarian, herritarrak parte hartzera deitzeko. Presoen eskubideen alde bihar egingo den manifestazio nazionala 17:00etan hasiko da, La Casillan, Behin Betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza goiburuari jarraituta. Horrekin batera, egun osorako egitaraua prestatu dute. Sare-tik adierazi dutenez, mobilizazioa “giza eskubideen aldeko aldarria da. Horrela bakarrik uler daiteke Sare bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka mila pertsonak kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea. Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea izango dira egun honetan bidelagun”. Horrekin batera, Bizumkada Nazionala abiatu dute. Dirua eman nahi duenak www.sare.eus/bizumkada webgunean sartuta egin dezake dohaintza, Bizum edo txartelarekin.